Fagor Professionalek erraz irabazi dio Mugarri Ingouri (36-25)

Xabier Urtzelai 2024ko abe. 15a, 11:11

Gabonetako atsedenaldiaren atarian jokatutako derbian Mugarri Ingou ez da Fagor Professionalendako kontrario izan (36-25). Partidua hasi eta berehala hartu dute errenta txantxikuek, eta partidu osoan zehar izan dute, gutxienez, 5-6 goleko errenta. "Hasi gara ligari neurria hartzen", adierazi dio GOIENAri Xabier Guridi entrenatzaile oñatiarrak. "Derbia zelako edo, partidua handi geratu zaigu", adierazi du kaleratua izan den Ane Herrerok.

Kosta zaie ligan motorrak berotzea, baina Fagor Professional hasi da erakusten Gipuzkoako txapelketan erakutsi dezakeen maila zein den, eta ligan jarraian irabazten duten hirugarren partiduarekin joango dira oñatiarrak Gabonetako atsedenaldira. "Bazen ordua zer egin dezakegun erakusten hasteko, hasi gara ligari neurria hartzen, izan ere, hasierako jardunaldietan kosta egin zaigu", adierazi dio Xabier Guridi entrenatzaileak. Eta Xabier Barrena jokalaria ere pozik zen Gabonetara beste aldarte batekin joango direlako. "Atseden hartzea tokatzen da orain, atzealdeko postuetatik urrundu gara apur bat eta beste motibazio batekin joango gara Gabonetara". Hala, derbia ondo irabazi badute ere, Barrenak ez du uste garaipen erraza izan denik. "Markagailuak kontrakoa erakusten du, baina halako derbiak intentsitate handikoak izaten dira eta kantxan partidua ez da erraza izan". 

Mugarri Ingou ezinean

Kanpotik, berriz, zaleek ezinean ikusi dute Mugarri Ingou, eta taldeko entrenatzaile Ane Herrero izan da partidu amaieran hori nabarmentzen lehena. Gainera, entrenatzaile arrasatearrari aldageletarako bidea erakutsi dio epaileak, protesta egitearren txartel gorria aterata. Aktan jaso dute, gainera. "Horrela epaitzen jarraitu behar baduzu, hobe duzu partidua lehenbailehen amaitzea". Hori da entrenatzaile arrasatearrak Unai Cuerva epaileari adierazi diona, eta honek kaleratu egin du.  Haserre zen Herrero, eta kantxan ikusitakoarekin atsekabetuta. "Gaur ez diet nire jokalariei aurpegia aterako, ez jokalariei, eta ezta nire buruari ere. Gaur txarto ibili gara, hau ez da aste barruan entrenatzen ikusten dudan taldea, jokalariak hazi egin beharrean txikitu egin dira kantxan. eta ez dago aitzakiarik. Derbia zelako, sailkapenean gauden moduan gaudelako... Ez dakit motiboa, baina ez gara gu izan, txikitu egin gara. Lehenengo zatian ezin ditugu 17 gol jaso, erasoan jaurtiketa asko oparitu egin ditugu eta defentsan oso flojo ibili gara". Eta jasotako zigorraren gainean ere egin du berba. "Txarto egin dut, badakit hori. Oso beroa naiz eta halaxe irten zait, eta ez dut ondo egin. Baina epaileei bestelako jarrera bat ere eskatu nahi diet, epaitzerako orduan pasotismo handia ikusten dudalako batzuengan eta gure lanak ere errespetu bat merezi duelako, ez eurenak bakarrik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak