2025ko urtarrila bukaeran hasita egingo da Kantari saioaren 9. aldia Debagoienean. Herriz herri egingo dira emanaldiak eta, ohi bezala, ikuskizunaren aurreko asteburuan entseguak egingo dira. Bergararrak, antzuolarrak eta elgetarrak izango dira oholtza gainera igotzen lehenengoak. Jarraian, Aretxabaletan, Oñatin eta Arrasaten egingo dira hurrenez hurren emanaldiak. Aurrez, baina, parte hartu nahi duen orok izena eman beharko du eta bergararrak izango dira horretan lehenengoak. Azken aldietan bezala, online egingo da izen-ematea eta 7-12 urte bitarteko gaztetxoek izango dute parte hartzeko aukera; hiru, lau edo bost laguneko taldeak osatuta. Behin taldea eginda, partaide bakoitzak bere izen-emate orria bete behar izango du. Abenduaren 26a izango da izena emateko azken eguna.
Aurten, gainera, indarberrituta dator karaoke ikuskizuna. Izan ere, kantu berriak estreinatuko ditu saioak: En Tol Sarmiento, Huntza, Nogen, Kai Nakai... taldeen abesti berriak izango dituzte-eta gaztetxoenek gozagai, besteak beste. Honekin batera, eszenografia berria ere izango du ikus-entzunezkoak. Parte hartuko duten talde guztien artean egingo da kantuen zozketa eta gurasoei jakinaraziko zaie, WhatsApp bidez, talde bakoitzari prestatzea egokitu zaion kantua zein den, kanturako lotura eta baita entsegu eta grabazio egun, ordu eta lekuak ere.
Gogoratu, Kantarik ez duela inolako lehiaketa kutsurik; eta ez da irabazle ezta galtzailerik ere izango. Parte hartzea eta ondo pasatzea da garrantzitsuena.