Arrasateko Maider Morras, Eskoriatzako Edorta Zubizarreta, Aretxabaletako Garikoitz Iturbe, Oñatiko Izaro Elorza, Bergarako Gorka Artola, Antzuolako Olatz Lezeta, Elgetako Ibon Unzetabarrenetxea eta Leintz Gatzagako Dorleta Elkorobarrutia alkateak –azken hori Debagoieneko Mankomunitateko presidentea ere izanik– elkartu dira eta adierazi dute autobus zerbitzuaren "erabilerak gora" egin duela azken urteetan eta "kalitateak nabarmen behera"; horren erakusgarri honakoak aipatu dituzte: autobusen egoera, matxurak, puntualitate eza, jendez lepo doan autobusa hartu ezinik geratzen diren erabiltzaileak…
Eskualdearen mugikortasun beharrak ez dituela egoki erantzuten zerbitzu horrek uste dute, eta horregatik, "kalitatezko garraio publikoa" ezartzeko aukera aprobetxatzeko orain eskatu diote Aldundiari: "Ez litzateke ulertuko diputazioak egungo kontzesioaren iraupena luzatu nahi izatea, horrek, zerbitzua dagoenetan utziko lukeelako". Horregatik, baldintza berriak ezarri eta kontratu berria egiteko eskaera egin diote Aldundiari.
Hiru proposamen
Zerbitzuak behar dituen aldaketak egiten hasteko Aldundiko Mugikortasun departamenduari dagoeneko helarazi dizkiote hainbat proposamen. Hain zuzen, lehenbailehen egin beharreko hiru esku-hartze hauetan bildu dituzte eskaerak: herrien arteko loturaren maiztasuna 15 minutukoa dela bermatzea, herrien arteko linea azkarrak jarrita eta linea batzuen kapilaritatea zabalduta; hiriburuekin dauden loturak hobetzea; eta puntualtasuna bermatzeko neurriak hartzea. Azken horri dagokionez, ekarpen batzuk ere egin dituzte: zerbitzua emateko autobus kopurua egokitzea, autobusen baldintza tekniko egokiak bermatzea, eta Elorregi eta Epeleko errotondaren artean autobusentzako errei propioaren aukera aztertzea.