Joan den astean Bergaran batutako materialaz, batez ere garbiketarako tresneriaz, betetako lau furgonetarekin abiatu zen hamar bat bergararrez osatutako taldea egubakoitzean, eta zapatu eta domeka bitartean, Alfafar, Albal, Catarroja eta Beniparrell bezalako herrietan ibili ziren materiala banatzen eta garbiketa lanetan.
Ezker Anitzako kide Juan Luis Merino eskoriatzarra, aldiz, eguenean abiatu zen Paiportara laguntzaz betetako furgonetarekin. Zero eremuan laguntzeko aukera izan du Merinok: "Kalte gutxien jasan duen inguruan gaude, inguru politenean, nolabait esateko; izan ere gainerakoa, errekaren eta sakanaren inguruan dagoena basakeria bat da, zikloi batek erabat txikitu izan balu bezala, erabat".
Merinok dio, gainera, Arrasateko egoitzan laguntzarako material gehiago dutela batuta eta hurrengo asteetan eroateko asmoa dutela.
Paiportan izan da baita ere Madrilen ikasten duen Miren Arana arrasatearra. Domeka goizean goiz heldu zen bertara, baina zero eremuan sartzeko baimenik izan ez, eta inguruetan ibili zen laguntzen. Lehenengo eskola batean, egunotan heldu den materiala laguntza beharra dutenen artean banatzeko kamioietan sartzen. Eta gero garbiketa lanetan aritu zen
Boluntario debagoiendar guztiek nabarmendu dute valentziarren partetik jaso duten harrera beroa.