Lehenengo zatian parean egon dira indarrak, baina bergararrak gehiagotan gerturatu dira zuri-moreen ate ingurura, eta izan dituzten gol aukerak ere garbiagoak izan dira. Hala, Julen Garmendiak arearen erditik egin duen barneraketak saria izan du, bakarkako jokaldian saria jaso duelako (40. minutu ingurua zen). Lehenengo jaurtiketan ez du asmatu, baina aldaratzea ere elgetarraren hanketara etorri da eta maisuki loratu du baloia, 1-0 markagailura igotzeko. Hala, atsedenaldira abantaila txikiaz erretiratu dira Iker Ruizen mutilak, baina berdegunean erakutsitakoaz pozik egoteko moduan zeuden. Arrasatearrak, ordea, zuzenketak lehenbailehen egin asmoz joan dira aldageletara.
Bigarren zatia, Mondrarena
Garbi zegoen moduan, bigarren zatian zuri-moreak zeukatena ematera irten dira berdegunera, eta 70. minutura arte goitik behera menperatu dute kontrarioa. Bergara bere zelaian sartuta egon da, baina ez zegoen garbi egoerari aurre egin ezinda zebiltzalako, ala azeria moduan, euren aukeren zain zeudelako. Eta bigarren kasua izan da, Mondra ate aurrean ezinean zebilela aprobetxatuta –Gorkak, Etxeberriak eta Luengok gol aukera politak izan dituzte– Bergarak bi zartada emanda dituelako eta partidua erabakita utzi.
Hala, Martxel Olabarrietak egin du 2-0ekoa, eta hirugarrena Mikel Moñuxen burukada baten ondorioz etorri da. Eta arratsaldeko txalo zaparrada eraman du Moñuxek, aldaketa egin berri, segundo batzuk baino ez zeramatzalako berdegunean. Hala, golei dagokienez akaso sari handiegiaz, baina Bergarak ondo irabazi du derbia.