Errigorak, Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarrak, Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.
Hala, udazkeneko kanpaina Bilbon aurkeztu zuen urriaren 23an, eta bertan adierazi zuten moduan, urriaren 24tik azaroaren 14ra arte bitartean egingo dute ariketa. Agerreko uzta, euskarari puzka da Errigoraren aurtengo udazkeneko kanpainaren leloa, eta aurten berritasunekin datoz, hiru saski egongo dira aukeran, eta bestelako produktuak. Hamaikagarren edizioa da eta kanpaina gogoz hasi dute.
Nafarroako hegoaldeko euskalgintza sustatzeko
Aintzane Aristegik, Errigorako komunikazio arduradunak honela azaldu du egitasmoaren helburua: "Aurtengo kanpaina hamaikagarrena da, eta hamaika aldiz egin arren, eta sekulako babesa jaso arren Nafarroa hegoaldeko euskalgintza sustatzeko, oraindik ere badago behar bat baliabidez hornitzeko. Behar horretatik abiatuz ekin diogu kanpaina honi berriz ere udazkenean".
Egitasmoaren helburu nagusia euskalgintza indartzea da, eta, euskalgintza bitartekoz hornitu nahi dute, baliabide ekonomikoak emanda, bertako lurrak emandako produktuak erabilita. "Errigoraren misioa euskara bultzatzea da, baina, baita elikadura burujabetzan aurrerapausoak ematea; eta hori guztia, auzolanean egitea. Inguru urbanoak landa eremuaren beharra du, eta euskarari dagokionez guztiok dugu denon beharra", adierazi du Aristegik.
Saskiak erosteko bidea
Hiru saski egongo dira aukeran, saski beltza (55 euro), saski berdea ( 65 euro), eta zuria ordezkatuko duen saski gorria (75 euro). Hiru saski horiek errigora.eus webgunean daude erosteko moduan.
Saskiekin batera Agertuz karta jokoa eskatzeko aukera ere egongo da bost euro gehiago ordainduta. Zehaztu dute jokoa gehigarri bat dela, ezingo dela soltean eskatu. Aintzane Aristegik, Errigorako komunikazio arduradunak honela azaldu du jokoaren funtzioa: "Aurten gure eskaintzaren gehigarri bezala karta jolasa eskatu daiteke. Lau urtetik aurrerako pertsonentzat da. Jolas horren bitartez, Nafarroako hegoaldeko errealitatera hurbildu nahi da. Bertako produktuak, herriak… agertzen dira, eta, lan pedagogiko ona da".
Eskaerak egiteko azken eguna azaroaren 14a da eta saskiak azaro amaieran eta abendu hasiera banatuko dituzte. Eskaerak Errigoraren webgunetik egin daitezke, lehentasuna duen bidea izanik.
Goienakideen artean zozketa
Goienak ere badu saskia zozketatzeko. Hain zuzen ere, Goienak ere Errigora kanpainako saski gorri hau zozketatuko du. Azaroaren 8an jarriko da martxan, eta irabazlearen izena azaroaren 29an argitaratuko dugu. Zozketan parte hartzeko bideak: Goiena app-a, Goiena.eus webgunea,943 25 05 05 telefonoa eta whatsappa dira.