Futbol eskolako taldeak kontuan hartuta, 30 talde eta 300 neska-mutil aurkeztu zituen talde zuri-moreak, eta urteroko ohitura izan arren, gauza polita dela dio Xabi Etxeberria presidenteak txikienetatik hasi eta nagusienak arte, jokalari zein entrenatzaileak Mojategin elkartzea. Gainera, harrobiari garrantzia handia eman gura izan dio Etxeberriak. Emakumezkoen taldeari dagokionez, iazko talde kopuru berbera mantendu dute, baina kategoriak aldatuta.
Aloñari dagokionez, 400 neska-mutil inguruk bete zituzten Azkoagaineko harmailak taldeen aurkezpen egunean, eta zuzendaritzak harrotasuna erakutsi zuen elkarteak, eta bereziki futbol sailak, bizi duen egoera osasuntsuagatik. Unai Garaiek, kirol zuzenadiak, nabarmendu gura izan du emakumeen futbolak elkartean bizi duen gorakada; izan ere, "futbol eskolako zenbakiak oso onak" direla aitortu du kirol zuzendariak, eta horrek eragin du "infantil eta kadete mailako taldeetako egoera ere oso ona izatea". Guztira, beraz, 14 taldek osatzen dute saila, eta kategoriaren arabera bakoitzak helburu ezberdinak izango baditu ere, "formakuntzako adinean dauden neska-mutilekin egin beharreko lana" azpimarratzen du Garaik.
Sailak osatzen dituzten taldeen argazkiak aterata, datozen urteetarako oroitzapen gisa erabiliko dituzte bi Mondrak eta Aloñak, jokalariek klubean izandako ibilbidea ikusteko.