Urtez urte eta eskualdez eskualde gora egin dute Gipuzkoako alokairuen bataz besteko prezioek 2016tik 2023ra bitartean, gorabeherarik gabe, eta, hain zuzen, Debagoienean izan du igoerarik handiena: zazpi urteko epean %30,18 igo da etxebizitzen alokairuen bataz besteko prezioa, 473,5 eurotik 616,4 eurotara, eta hurrenez hurren ditu kostaldean dauden eta, horrenbestez, prezio altuagoak dituzten eskualdeak: Donostialdea, Bidasoa Beherea eta Urola Kosta.
Edozelan ere, iazko zenbatekoei erreparatuz gero, Gipuzkoako eskualdeen artean Debagoiena ez da alokairurik garestienak dituena, baizik eta hirugarrena: Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Debabarrenan daude alokairurik merkeenak, 590,6 eurokoa baita bataz bestekoa han eta, ondoren, Goierrin (608,8 euro) eta Debagoienan (616,4 euro). Eremu garestienei dagokienez, Donostialdea (937,7 euro) Bidasoa Beherea (783,3 euro) eta Tolosaldea (662,6 euro) dira.
Lanaren errenta eta alokairuak
Gipuzkoako eskualdeen artean, alokairuei dagokienez, Debagoiena ez da eremu garestienetako bat, baina, hala ere, zenbait herritarrek zailtasunak dituzte etxe bat alokatzeko, esate baterako, bataz besteko lanaren errenta pertsonala ez delako aski horretarako.
Eustatek herriz herri ematen ditu 18 urtetik gorako herritarrek lanagatik eskuratzen duten errentaren zenbatekoa, eta horien artean Antzuola da altuena duena: 2021eko datuak gogoan izanda, zehazki, 16.765 eurokoa da bataz besteko errenta han, 2001ean baino %68,3 gehiago; hala ere, 5.000 biztanletik gorako udalerria denez, Eustatek ez du alokairuaren bataz besteko zenbatekoa ematen. Herri handienetan, ordea, bai.
Hain zuzen, biztanle gehien dituzten Debagoieneko herrietara joz gero, eta 2001eko datuak gogoan izanda, 12.747 eurokoa zen bataz besteko errenta Arrasaten, 2001ean baino %28,6 handiagoa, eta 646,07koa, berriz, bataz besteko alokairua, 2016an baino %30,8 handiagoa; Bergaran, 14.414 eurokoa zen errenta, 2001ean baino %41,8 handiagoa, eta 600,76 eurokoa, berriz, alokairua; Oñatin, 15.380 euroko errenta, %44,4ko igoerarekin 2001etik, eta 582,79 euroko alokairua; Aretxabaletan, azkenik, 15.427 eurokoa zen bataz besteko errenta, %34,2ko igoerarekin, eta 586,05 eurokoa, alokairu errenta.
Horrez gain, gogoan izan behar da Aramaio ez dela agertzen jasotako mapan, baina badaudela lanarengatik eskuratutako errentaren datuak: 2001ekoak oinarri izanda, 14.799 eurokoa zen, 2001ean baino %42,4 handiagoa. Alokairuaren bataz bestekoa, ordea, ez da jakinekoa, 5.000 biztanle baino gutxiago dituelako.
Kalkula ezazu zein alokairu ordaindu dezakezun
Ordaindu dezakezu: 0 €
Hurrengo udalerrietan alokatu ahalko zenuke etxebizitzaren bat:
Kalkula ezazu hemen zein alokairu ordaindu dezakezun hileko diru-sarreren arabera.
Kalkulagailua programatuta dago sartutako kantitatearen %30aren arabera emaitza bat emateko: esate baterako, 1.200 euro sartuz gero, emaitza izango da horren %30a –zehazki, 360 euro– bideratu daitekeela alokairura. Kalkulagailuak, ondoren, diru-sarrera horren araberako alokairurako sarbideak eskainiko ditu; hau da, kasu honetan, 360 euro edo gutxiagoko alokairuak dituzten udalerriak aurkeztuko ditu zerrendan.
5.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriak –Bergara, Arrasate, Aretxabaleta eta Oñati– hartzen ditu gogoan kalkulagailuak; eta horrenbestez, horiek izango dira alokairurako aukerak, Debagoieneko gainontzeko bost herrietako daturik ez dagoelako.
Oharra:
Hileko diru-sarreren zifra idazterakoan, ez erabili puntuazio markarik.
2.176 euro metro karratuak
Eusko Jaurlaritzak, etxebizitza librearen salerosketari dagokionez, metro karratu baten bataz besteko prezioaren berri ematen du, 2013tik 2023ra, eta, Gipuzkoako gainontzeko eremu funtzionalekin –alegia, EAEko Lurralde Antolamendu Gidalerroen arabera udalerri bakoitza atxikita dagoen eremua– alderatuz gero, Debagoiena ez da nabarmentzen: jasotako datuen arabera, hamar urteko epean, metro karratuaren bataz besteko prezioak %2ko igoera izan du; alegia, 40 eurokoa, 2.136 eurotik 2.176 euro artekoa. Alabaina, haren aurretik dago Goierriko eremu funtzionala –barne hartzen du Urola Garaia–, 2013tik gaur egunera arte 8 euroko igoera izan baita soilik.
Metro karratuaren bataz besteko prezioa garestien dagoen lekuei dagokienez, alokairuen eran, Donostialdea-Bidasoa Behera eremu funtzionala (4.119 euro metro karratuko) eta Urola Kostaldekoa (3.824 euro) aipatu behar dira; are gehiago, hamar urtean bi eremu horietan egin du gora bataz bestekoak, %30ean eta %21ean, hurrenez hurren.