Etxebizitza alokatzea, zaila eta gero eta garestiagoa

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urr. 31a, 07:45

Herritarrek gero eta joera handiagoa dute alokairuetara jotzeko; hala ere, prezioak ez dira eskuragarriak sarritan, eta sektoreko adituek diotenez, ez dago eskariari erantzuteko behar besteko eskaintzarik. Hala ere, gaur-gaurkoz, herritar gehiago bizi dira jabetzako etxeetan alokairuan baino.

Egun, lan nekeza izan ohi da herritar zenbaitentzat etxebizitza bat alokatzea, eta ez da soilik uste bat, baizik eta errealitate bat; bai, behintzat, Irune Elexpururen, Arrasateko Sampru etxe-agentziako kidearen, hitzetan: "Gustatuko litzaidake esatea bi aldetatik dugula eskaintza, hau da, eskaintza berdina dugula etxe bat alokatzeko edo erosteko garaian. Baina ez da horrela. Errealitatea da salmentarako asko ditugula, baina alokairurako etxe oso gutxi gelditzen zaizkigula eta, gainera, garestiak. Ikusten dugu behar oso handia dagoela".

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2016tik 2023ra bitartean, etxebizitzaren bataz besteko alokairuaren prezioak %30,18ko igoera izan du Debagoienean: 142,9 eurokoa, hain zuzen ere. Duela zazpi urte, 473,5 euroko prezioa zuen bataz beste etxebizitza batek, eta hurrenez hurren: 2019an, 538,6 eurokoa; 2022an, 577,4koa; eta 2023an, azkenik, 616,4koa. "Datu horiek badute antza guk eskaini izan ditugun alokairuetako prezioekin, baina badaude askoz ere garestiagoak. Adibidez, nik aurten alokairu bakarra zehaztu dut, ez baitago gehiago, eta 650 eurokoa izan da".

 

Herriz herriko egoerari erreparatuz gero, historikoki, Arrasaten egon dira alokairurik garestienak, eta hala da gaur egun ere: 646,1 eurokoa da bataz bestekoa, eta alboz albo ditu Bergara (600,8 euro), Aretxabaleta (586,1 euro) eta Oñati (582,8 euro). Lau herri horietan urtez urte egin du gora alokairuaren prezioak, beherakadarik gabe; beste udalerrietako egoerari dagokionez, Jaurlaritzak ez ditu 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten eremuetako datuak ematen, eta, horrenbestez, ez da jakinekoa zenbatekoa den alokairuaren zenbatekoak bataz beste izan duen bilakaera.

Jabetza gehiago, alokairua baino

Debagoiendarrek bizi diren moduari erreparatuz gero, 2013ko eta 2023ko datuei tira eginez, ondorioztatu daitekeen puntuetako bat da, batik bat, jabetzakoak zituzten etxebizitzen bizi zirela duela hamar urte: herritarren %86,8 bizi zen era horretan, eta %9,1, berriz, alokairuan; gainontzeko %4,1ari dagokionez, bestelako moduetan bizi ziren; alegia, utzitako etxeetan. Hala ere, aldatuz doa egoera, urteek aurrera egin ahala gero eta ohikoagoa baita herritarrek alokairura jotzea; bai, bederen, jasotako datuek adierazten dutenez.

Iazko aldia aztertuta, gaur-gaurkoz, hamar biztanletik zortzi baino gehiago –%84, zehazki– bizi da jabetzako etxeetan, eta bat baino gehiago –%11, guztira–, alokairuan; bestelako modu batean bizitzeko hautua egin dutenak, horrenbestez, %5a dira.

 

Herriz herriko konparazioei dagokienez, ez dago aldaketa handirik batetik bestera, baina bada nabarmendu beharreko datu bat: alokairuan bizi diren herritar gehienak ez dira udalerri handienetan pilatzen, Arrasaten izan ezik. Hain zuzen ere, arrasatearren %13,4 bizi da alokairuan, baina, horien ondoren, leintz gatzagarrak dira alokairuaren aukerara gehien jotzen duten debagoiendarrak: zehazki, herritarren %12,6ak.

Salerosketak gutxiagorantz

Etxebizitzen salerosketari erreparatuta, eta 2007, 2013, 2022 eta 2023 urteak gogoan izanda, ondorioetako bat da 2007an saldu zirela etxebizitza gehienak eskualdean: 728 izan ziren guztira. Hala ere, beherakada nabarmena izan zen sei urtera, 382 saldu baitzituzten 2013an. Bada, hor eragina izan zezakeen, besteak beste, Atzeraldi Handia izendatutako gertakariak, 2008tik mundu osoko ekonomiari, baina, bereziki, garatutako herrialdeetakoei, eragin zion krisialdi ekonomikoak; Espainian, esaterako, higiezinen burbuilaren leherketa eragin zuen, eta Hego Euskal Herrian, ondorioz. "Pertsonalki, ez ninduen harrapatu krisialdi horrek jardun honetan, baina bertan diharduten profesionalek diotenez, garai zailak izan ziren", azaldu du Elexpuruk.

Etxebizitzen ezaugarriak

Debagoieneko etxebizitzek, bataz beste, 45,8 urte dituzte, eta, tamainari dagokionez, ia 88 metro koadro; zehazki, 87,9. Horrez gain, etxebizitzen %70,9k igogailua du, baina aldeak daude herrien artean: Leintz Gatzagan, adibidez, etxebizitzen %6,6k du igogailua; Aramaion, %13,6k; biak ere bailarako bataz bestekotik oso urrun.

Hor zerikusia izan dezake, ziur aski, etxebizitza horiek zelako eraikinetan dauden: hain zuzen ere, Debagoienean, bataz beste, 12,6 etxebizitza daude eraikin bakoitzean; Leintz Gatzagan, aldiz, eraikin bakoitzak 3,2 etxebizitza ditu eta Aramaion 3,7.

2022ko datuari dagokionez, 702 etxebizitza saldu zituzten, baina gutxiago izan ziren urtebetera, 642ko zenbatekoarekin: Arrasaten (317) eta Bergaran (142) egin zituzten salerosketa gehienak, eta Oñatin (80), Aretxabaletan (51), Eskoriatzan (20), Antzuolan (12), Aramaion (9), Elgetan (8) eta Leintz Gatzagan (3), ondoren.

 

Saldutako etxebizitzen nolakotasunean, berriak baino gehiago, gaur egun gehiago dira bigarren eskukoak: hamarretik ia zazpi (%69,79). Eta ez da soilik Debagoiena mailan, baizik eta barne dituen herri guztietan: alegia, 2007an eta 2013an baino bigarren eskuko etxebizitza gehiago saldu ziren iaz. Horrez gain, 2007an eta 2023an saldutako etxebizitza gehienak –hurrenez hurren, %92,1 eta %98,6– merkatu librekoak ziren; 2013koak, ordea, ez. Ordu hartan saldutako etxebizitzen %42,4 ziren merkatu librekoak; horrenbestez, gainontzeko guztiak (%57,6) babes ofizialekoak izan ziren.

Etxebizitzen metro karratuaren bataz besteko prezioari dagokionez, Jaurlaritzak ez du datu zehatzik eman, baina Elexpuruk, zenbatekoak eman gabe, nabarmendu du euren etxe-agentziara jotzen duten saltzaileek sarritan jaitsi behar izaten dutela hasieran ezarritako prezioa: "Horrek baldintzatzen baitu etxe bat saldu ala ez: saldu nahi izanez gero, merkatura egokitu beharko dute".

Etxebizitza-parkeak eta nagusiak

Egun, 2013an baino etxebizitza-parke gehiago daude eskualdean: 30.119 ziren orduan eta, hamar urtera, 31.375. Horiek guztiak, ordea, ez dira beti herritarren etxebizitza nagusiak –lehen etxebizitzak, haiek bizi direnak– izaten: 2013an etxebizitza parke guztien %84,14 ziren izaera horretakoak eta 2023an, berriz, %85,77; gainontzeko guztiak, horrenbestez, bigarren etxebizitzak edo hutsak izan daitezke.

Jaurlaritzak emandako datuei erreparatuz gero, Leintz Gatzagan daude etxebizitza nagusiak ez diren eraikin gehienak: hamarretik ia lau (%37,96) daude horrela, eta handienetik txikienera ondoz ondo ditu: Aramaio (%26,47), Elgeta (%23,56), Eskoriatza (%16,94), Antzuola (%16,67), Bergara (%16,56), Oñati (%14,41), Arrasate (%11,71) eta Aretxabaleta (%8,89).

 

Elexpuruk azaldu duenez, etxebizitza horietako batzuk, Arrasaten, adibidez, irailean ateratzen dira merkatura, Mondragon Unibertsitateko ikasleek ikasturteak hastearekin batera, baina, momentu horretan alokatu ezean, itxi egiten dituzte datorren urtera arte, ez alokagai ez salgai jarrita: "Orduan, ikusten dugu etxebizitza hutsen bolumena handia dagoela; eta, aldi berean, ezin ase daitekeen eskaera dagoela, inork ez baitie eskaintzarik egiten eskaera horiei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak