Sindikatu deitzaileek azpimarratu dute zerbitzu minimoak ondo gauzatu direla. Esan beharra dago Debagoieneko gidarien artean nagusi diren ELAren eta LABen babesik ez duela izan deialdiak.
Sindikatuen eskari nagusia da autobus gidarien erretiratzeko adina 60 urtera murrizteko neurriak hartzea, eta gaurkoa ez da egindako dei bakarra. Aurrera begira, grebarako deia egin dute azaroaren 11rako, 28rako eta 29rako, baita abenduaren 5erako eta 9rako ere. Gainera, akordiorik lortu ezean, abenduaren 23tik aurrera greba mugagabe bat hasteko prest azaldu dira.
Arrasateko Herribusean eraginik ez goizeko txandan
Bestalde, Arrasateko Herribus zerbitzuan goizean zehar ez du inongo eraginik izan greba deialdiak, goizeko txandako gidari guztiak joan direlako lanera. Arratsaldeko zerbitzuan izango duen eragina beranduago jakingo du Arrasateko Udalak; betiere, Eusko Jaurlaritzak zehaztutako %30eko zerbitzu minimoak ezarrita.
Gainera, Avanza Movilidad Gipuzkoako langileek greba deialdia egin dute urriaren 30eko gaueko hamarretatik azaroaren 1eko goizaldeko ordubietara eta azaroaren 2ko gaueko hamarretatik azaroaren 5eko goizaldeko ordubietara. Gutxieneko zerbitzuen berri emango dute zerbitzu horiek zehaztu bezain laster.