Danbakak ikur duen denetariko estiloen eta erritmoen nahasketa izango da emanaldi guztietan. 2019an abiatutako Arrasateko Korda Rota izango da agertoki gainera igotzen lehenengoa. Gogotsu daude jotzen duten kolore askotariko rock doinuak eskaintzeko. "Oso pozik gaude Danbakan parte hartzeagatik; esperientzia berri bat bizitzeko gogotsu. Gozatzera goaz, eta, datorrena datorrela, ongietorria izango da", azaldu dute Korda Rotako taldekideek.
2020an sortutako Bergarako Ktarsia taldeak hartuko die lekukoa. Kide batzuek badakite Danbakan parte hartzea zer den, orain dela bi urteko lehiaketan izan ziren eta. "Formatu akustikoan jo genuen orduan, baina kide eta instrumentu berriak sartu dira taldean eta gauza berriak eskainiko ditugu. Egindakoarekin gustura geratzea eta denok ondo pasatzea da gure asmoa", diote Ktarsiako kideek.
Sotoalde eta Malko ere bai
Etxean jokatuko du hirugarren taldeak ere: iaz sortutako garako Sotoaldek, hain justu. "Musika urbanoa egiten dugu, askotariko estiloen nahasketarekin, eta ari gara gure estilo propioa sortzen. Guretzako ere sekulako aukera da Danbaka, ez bakarrik gure proiektuari ikusgarritasuna emango diolako, eskualdean dagoen uzta erakutsiko duelako ere bai", gaineratu dute Sotoaldekoek.
2021ean Oñatin sortutako Malko taldeak borobilduko du lehen Danbaka-gaua. "Rocka egiten dugu, baina, gure diskoak erakusten duen moduan, askotariko estilo nahasketekin. Kontzertu ona emateko gogoz goaz, eta, zergatik ez, irabaztera ere bai [Barre]; ahalik eta jende gehienak gure musikarekin gozatzeko asmoz goaz", diote Malko taldekoek.
DJ Joe Pieman chill out gunean
Aurreko aldian moduan, Seminarixoa aretoaren kanpoaldean chill out gunea egongo da giroa berotzeko. "Kontzertuen aurretik, 20:00etan hasita, eta kontzertuen arteko tarteetan, eskualdeko askotariko DJak izango dira protagonista, musika esparru horretan ere harrobia dugu-eta Debagoienean. Guztiok zaudete gonbidatuta. Ez da sarrera erosi beharrik izango. Gaurko gaua girotzeko, Aretxabaletako DJ Joe Pieman –Joseba Pieurruges– gonbidatu dugu", dio Jokin Bereziartua koordinatzaileak.
Taberna zerbitzua ere izango da Danbakako gauetan. "Chill out gunean Sanprubusa izango dugu, beste behin, gurekin, jatekoak eta edatekoak izango dituzue bertan, eta, horrez gainera, jarleku bako Seminarixoa aretoan ere barra txiki bat jarriko da".