Tokikoa eta euskaraz: Goienako kide izatea, abantaila askorekin

Jone Arruabarrena 2024ko urr. 18a, 08:29

Goienakideek hainbat abantaila dituzte. GOIENA

GOIENA komunikabidea bultzatzen laguntzen dute ia 4.000 lagunek. Horrek, era
berean, abantaila asko ekartzen dizkie goienakideei: zozketetan parte hartzeko
aukera, eduki bereziak eta informazioa lehenago jasotzeko aukera, besteak beste.

Bidelagunak, babesleak, bultzatzaileak, kideak. 3.627 dira, uneotan, Goiena bultzatu eta astero babesten duten Goienakideak. Ostiralero GOIENA eta Puntua aldizkariak etxean jasotzen dituztenak eta bestelako abantailez baliatzen direnak. Baina hori baino gehiago da komunitatearen parte izatea: Goienaren kontzeptua errotzea da, euskararen normalizazioa sustatzea eta baita herrigintzaren aktibazioa lortzea ere. Komunitate bat sortu da tokiko komunikabidearen inguruan. 3.583 banakok eta 44 enpresak osatzen dute oraingoz, eta urtero haziz joan da 2004. urtean kidetza sortu zenetik. Komunikabidearen sorreran, ostiraletako doako zenbakiaz gain, astelehenetan ordainpeko zenbakia argitaratzen zen informazio osagarriarekin. 2015. urtean, ordea, Puntua aldizkaria sortu zen. Puntua-k arnas luzeagoko tokiko kazetaritza bultzatu nahi du, eta eduki hori indartzea da gaur egun Goienakideen komunitatearen helburuetako bat. Orduz geroztik, abantaila ugari gehitzen joan dira Goienakideen komunitatera. Puntua aldizkaria banatzen zaie Goienakide direnei soilik. Koloretan inprimatutako aldizkari formatuko 48 orriko argitalpena da, eta elkarrizketak, erreportajeak, iritzia eta bestelako gaiak azaltzen dira. Horrez gain, Goienako gainontzeko edukietan lehentasuna dute Goienakideek. Bi aldizkariak ostegunero 00:00etan irakurtzeko aukera zabaltzen zaie, Goienaren aplikazioaren bidez. Edukiari dagokionez, badaukate beste abantaila bat ere: Goienako argazki galeriak eta bideoak kalitate handian deskargatu ditzakete, eta ur marka barik. Azaroan egutegi bat ere banatuko da, iaz bezala. Iazkoa lanbideei buruzkoa izan zen, eta, aurten, arteari buruzkoa izango da. Debagoieneko jaiak nabarmentuta egongo dira bertan.

Abantailak barra-barra 

Zozketak eta deskontuak dira Goienakideek gehien nabarmentzen dituzten beste abantaila batzuk. Astero izaten da Debagoieneko jatetxeetan bi lagunentzako otordua irabazteko aukera, zozketa bidez. Bestalde, Realaren partiduak Reale Arena futbol zelaiko premium gunetik ikusteko sarrerak zozkatzen dira jardunaldi guztietan. Aukera ezin hobea da partiduak gune pribilegiatu batetik ikusi eta jokalariengandik hurbil egoteko. Bestalde, teknologia-gailuak, jaki-otarreak eta ikuskizunetarako sarrerak ere lortu ditzakete Goienakideek zozketen bidez. Esaterako, 2024. urtean dagoeneko 100 Goienakidek baino gehiagok jaso dute mota horretako sariren bat. Batez beste, hilean dozena bat sari banatu ohi dira parte hartzen duten Goienakide guztien artean. Horrez gain, deskontuak ere ekartzen ditu Goienakide izateak. Debagoieneko hainbat komertzioetan baliatu daitezke, baita Arrasateko Avia gasolindegian ere. Deskontuak, noski, Goienako zerbitzuetan ere badituzte Goienakideek; eskelak zein argazki sailkatuak jartzeko, esate baterako. Hori guztia gutxi balitz, onura fiskalak ere badakartza Goienakide izateak: errenta aitorpenean kidetzaren %30 bueltan jasotzen dute kideek. Izan ere, Goiena Komunikazio Taldeko hedabideek Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasunezko mezenasgo jarduera izendapena daukate. Hala ere, eskaintzen dituen abantailez gain, komunikabideak dauzkan balioak dira Goienakideak komunitatera ekartzen dituztenak. Kide gehienek azpimarratzen dute Goienak Debagoienean betetzen duen behar-beharrezko funtzioa; zerbitzu gisa eta euskara bultzatzeko tresna moduan. Alegia, nabarmentzekoa da tokiko hedabideek daukaten garrantzia euskarazko kalitatezko kazetaritza eta komunikazioaren aurrerabidean. Besteak beste, garai berrietara moldatzen jakin du Goienak; paperezko edizioa kaleratzen hasi bazen ere, multimedia egitasmo osoa sortu du Debagoieneko informazioa zabaltzeko. Euskarazko komunikazioaren punta-puntako eredua da gaur egun, Debagoienetik haratago heldu dena. 

Euskara ardatz

Euskararen normalizazioan ere zeregin garrantzitsu bat dauka Goienak. Debagoienetik pertsona eta entitateen arteko komunikazio beharrak asetzea du helburu, aisia, kultura eta elkarbizitzarako bideak landuta, eta euskara beti ardatz duela. Euskararekiko konpromiso irmoa dauka hedabideak. Bestalde, Debagoieneko eskualdeari ere ekarpena egitea dauka helmugatzat: eskualdeko garapena bultzatzea, komunikazio arin eta etengabea eskaintzea eta eredu parte-hartzailea sustatzea. Hori guztia, lankidetza, autonomia eta aitzindaritza bultzatuta.

Goienakide, Gabonetarako opari

Eskerrik asko, Goienakide, GOIENAren proiektua babesteagatik. Tokikoari buruz kalitatez informatzen jarraitzeko, ordea, komunitatea handitu nahi dugu, eta, bide horretan, erraz jartzen du Goienak Gabonetarako opari egoki bat aukeratzea: oparitu ezazu 2025. urterako Goienako harpidetza. 65 euro ordainduta, txartel digitala eskuratu daiteke, eta harpidedun egin. Horrek Goienakide izatearen abantaila guztiak oparitzea dakar, urte osorako.

25 urtez lanean

Hala ere, ez da bide laburra izan. Ia 25 urte dira Goienak bere ibilbidea hasi zuela. Goiena Komunikazio Taldea 2000. urteko ekainean sortu zuten Debagoieneko bederatzi euskara elkartek: Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Aramaio, Antzuola, Elgeta eta Oñatiko taldeek, hain zuzen. Gaur-gaurkoz ere, jabetzaren gehiengoa euskara elkarteek dute kooperatiban. Debagoiendar asko eta asko izan dira Goienako produktu komunikatiboetako protagonista, eta erreferentetzat daukate komunikabidea bertako informazioa jaso eta entretenitzerako orduan. Informazioa, kultura eta entretenimendua kanal askotatik helarazten du Goienak, etengabe. Esaterako, Goiena Telebistak eguneko 24 orduetan emititzen du, urteko 365 egunetan. Programazio berria estreinatu du eta Danbakast, Bixi ibili!, Hemen Debagoiena, Berbagai, Datuetatik tiraka eta Harmailatik programak emititzen ditu, besteak beste. Eduki guztiak gordeta geratzen dira, eta Nahieran aplikazioan ikusi daitezke, Internet bidez, noiznahi. Doakoak dira eduki guztiak. GOIENA eta Puntua aldizkariei dagokienez, GOIENA aldizkariko 18.550 ale banatzen dira astero, doan, eta Puntua aldizkaria ere jasotzen dute Goienakideek –4.000 ale banatzen dira–. 

Sarean presente 

Bestalde, azken urteotan geroz eta garrantzi handiagoa hartu du Goienaren Interneteko atariak ere. Mundu digitalean aitzindaria izan da Goiena multimedia edukiari dagokionez. Erreferentziazko ataria da Debagoienean gertatzen denaren berri izan nahi duenarentzat, eta, informazioa eskaintzeaz gain, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu: Debagoieneko komertzioen gida, iragarki sailkatuak, bideoak... Horrez gain, parte hartzea sustatzeko asmoz, herritarrek parte hartzeko komunitate bat osatu du sarean Goienak. Bukatzeko, Arrasateko Udalarena den Arrasate Irratia ere kudeatzen du Goienak eta berrikuntza prozesuan dago orain.

Egokitutako kidetza

Banakoa edo kolektiboa, bi eratakoa izan daiteke Goienako kidetza: norberak etxerako eskatzen duen banakako kidetza arrunta dago, alde batetik; eta elkarte, negozio edo enpresen kidetza kolektiboa, beste alde batetik. Azken hori da kidetza mota berriena, eta hainbat kuota eskaintzen ditu, bakoitzaren baldintzen arabera. Horrek ere, banakoen kasuan bezala, onurak ekartzen ditu sozietateen gaineko zergetan; ordaindutako kuotaren %18ko hobaria izango dute kidetza kolektiboa dutenek. Bata zein bestea nahi izanez gero, pauso erraz batzuk jarraitu behar dira kide egiteko. Goienaren Arrasateko egoitzara joatea da aukeretako bat, edo, bestela, bertara deitu –943 25 05 05– edo mezu elektroniko bidez idaztea –harpidetza@goiena.eus–. Hori egin beharrik gabe ere, webgunean badago kide egiteko aukera, eta Goienaren app-ak ere ematen du aukera hori. Nahiakoa da norberaren izen-abizenak, helbidea eta posta elektronikoa sartu, ordaintzeko bide bat aukeratu eta egin nahi den kidetza mota hautatzea. 65 eurokoa da banakoentzako urte osoko kuota. Hala ere, eskaintza berezi bat jarri du martxan Goienak: 2025. urteko kidetza orain eginda, 2024. urte amaierara arte abantaila guztiez doan gozatzeko aukera dago, baita Goienakide izateak dakarren edukia doan jasotzekoa ere.

Goienaren aplikazioa, berrituta

Berrikuntzak datoz Goienara: komunikabidearen aplikazioa guztiz berrituko da, eta aukera emango du argitaratutako albisteak modu egokienean eta azkarrenean ikusteko. Goienaren bidez informatzen den pertsonarengan jarri da arreta osoa aplikazioa berritzeko orduan. Pertsonalizazio maila handia izango du: zein herritako abisuak jaso nahi dituen aukeratu ahal izango du erabiltzaileak, esate baterako. Aplikazioa iOS eta Android plataformetatik jaisteko modua egongo da, doan. Aplikazio berria Goienakideek abantaila gehiago izango dituzte aplikazioan ere. Urtea amaitu baino lehen, inork baino lehenago eta erosoago irakurri ahal izango dute GOIENA aldizkaria eta Puntua aldizkaria aplikazioan: egun bat lehenago! Formatu berritzailea eta aberastua izango du e-paper horrek. Argazki gehiago eta bideoak izango ditu, esaterako. Goienakide txartel digitala ere bertan izango da. Txartel digitalaren bidez, kontzertu batzuetara doan sartu ahal izango da, gasolina merkeago erosi zein hainbat dendatan deskontuak lortu.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak