Reale Arenako leku pribilegiatu batetik partidua ikustea edo Debagoieneko jatetxe batean afari eder bat izatea. Horiek doan egin dituzte Goienakideetako askok, komunikabideak eskaintzen dituen zozketak irabazi ondoren. Gainera, horietara joateko autoa hartu dutenetan, gasolindegiko deskontua eduki dute, Goienakide txartela Arrasateko Avia gasolindegian erakutsi badute. Geroz eta gehiago dira zozketetan parte hartzen duten Goienakideak, eta hilero dozena bat sari inguru banatzen ditu hedabideak. Aplikazioa jaitsiz gero erraz hartzen da parte, eta webgunean bertan ere badago aukera izena emateko. Abantaila horietaz gozatu duten kideekin hitz egin du GOIENAk.
Bat ez; bi sari egokitu zaizkio, esaterako, Itxaso Suárez oñatiarrari. "Hasieran ez nuen zozketetan parte hartzen. Baina gero hasi nintzen, eta handik lasterrera egokitu zitzaizkidan bi sariak: Bergarako Tartufo jatetxean otordu bat eta Real Arenara joateko bi sarrera". Tartufon otordu bat egokitu zitzaiola aipatu zien Suarezek gurasoei, eta, azkenean, otordua haiei oparitzea erabaki zuen: "Gurasoek esan zidaten lehen joaten zirela jatetxe horretara eta aspaldiko partez joan gabe zeudela. Beraz, haiei oparitu nien afari bat bertan".
Futbolerako sarrerak 8 urteko alabarekin joateko baliatu zituen Suarezek, Donostiako estadioan egin zen Errege Kopako finalerdietara. "Ikaragarrizko esperientzia izan zen. Sekulako giroa zegoen, eta aukera izan genuen partidua leku ezin hobe batetik ikusteko. Jokalariak irteten diren lekuan eseri gintuzten, eta premium gunera sartzeko aukera ere izan genuen". Alaba Reale Arenara zihoan lehenengo aldia zen, eta "sekulakoa" izan zen esperientzia harentzat, Suarezen hitzetan. "GOIENAri esker eduki genuen leku pribilegiatu hori, horrelako sarrera batzuk lortzea oso zaila izaten baita".
Mikel Gutierrez: "Txundituta geratu ginen; estadioan egokitu zitzaigun lekua itzela zen"
Esperientzia "ikaragarria" izan zuen Mikel Gutierrezek ere Reale Arenan. Haren aita izan zen GOIENAk zozkatu zituen lehen sarreren irabazlea, 2022an: "Aita ibiltzen da zozketetan parte hartzen, eta hari egokitu zitzaion saria". Aitak joan ezin zuela eta, Gutierrezi eman zizkion sarrerak, eta Beñat Larrañaga lagunarekin joan zen hura partidua ikustera. "Estadioa berria zen, eta oraindik ez nintzen bertan egon berrikuntzak egin zituztenetik. Txundituta geratu ginen. Estadioan egokitu zitzaigun lekua itzela zen, ikuspegi onarekin, eta premium eremua ikaragarria". Futbolzalea da Gutierrez, eta bereziki nabarmendu du jokalariak beirate baten bidez ikusteko aukera ere izan zutela.
Ana Pujana: "Jendeak badaki deskontuak dituztela gasolindegian"
Zozketetako sariez gain, bestelako deskontuekin ere saritzen ditu GOIENAk Goienakideak. Gehien erabiltzen den deskontuetako bat da Arrasateko Avia gasolindegian aplikatzen dena, esate baterako. Urteak dira Ana Pujana gasolindegiko langileak deskontu hori aplikatzen duela. "Bezeroak saritzeko modu bat da, haiei laguntzeko", esan du. %2ko deskontua egiten zaie Avia gasolindegian, hain zuzen, Goienakide txartela bertan erakusten dutenei. Goienakide izateagatik daukaten abantaila erakusten duen kartel bat daukate gasolindegian jarrita, baina, hala ere, jende askok aspaldik daki abantaila hori dutela, Pujanak azaldu duenez: "Jende dezentek badaki duela urte batzuetatik deskontuak dituztela Goienakideek". Gasolindegian ere GOIENA jasotzen dutela azpimarratu du.
Nerea Lete: "Goienatik deitu zidaten, eta esan zidaten otordu bat doan neukala"
Nerea Leteri ere egokitu zitzaion otordu bat uztailean. Duela urtebetetik da Goienakide, eta mugikorreko aplikazioaren bidez "askotan" hartzen du parte zozketetan. "Goienakoek deitu egin zidaten, eta esan zidaten otordu bat doan neukala", esan du. Tartufo jatetxean birentzako otordu bat egokitu zitzaion, eta asteburu honetan joateko asmoa dauka.