Ainara Zubillaga, Iñaki Elkorobarrutia, Asier Elkorobarrutia, Iñaki San Pedro, Ibon Oñederra eta Ainhoa Barandiaran bidelagun zituela izan zen Leintz Gatzagako alkate, 2007-2011 urte arteko agintaldian. "Udalean egon zenean, herrigintzan, elkarte desberdinetan eta lagun artean ere, ezkerretik gidatu gaitu: gardentasuna, konpromisoa, eta lankidetza ardatz izan dituela. Eskerrik asko Eusebio egindako eta erakutsitako guztiagatik", adierazi du Dorleta Elkorobarrutiak, Leintz Gatzagako alkateak Udalaren partetik.
Eskoriatzako Udaletik elkartasuna
Eskoriatzako Udaletik ere elkartasuna adierazi nahi izan diote Villarren senitartekoei. Izan ere, Eskoriatzan zinegotzi izan zen 1979-1983 agintaldian eta herrian "lan asko egin zuen elkarte eta eragile ezberdinekin". Edorta Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak azaldu duenez, "zinegotzi izateaz batera, Eskoriatzako museoaren sortzaileetako bat ere izan zen, eta, beraz, egin zuen lana eskertu beharrean gaude".
Atxorrotx Kultura Elkarteko sortzaileetako bat ere izan zen.
Toki-Eder elkartearen gidari
2018tik urtetik Toki-Eder jubilatuen elkarteko idazkaria izan da, gaur arte. Gogoan izango dutela adierazi dute elkarteko kideek: "Idazkari karguan zegoen oraindik, eta Gatzagako erretiratuok asko eskertu nahi dugu berak egindako lan guztia; berak eramaten zuen dena… Gure aldetik eskertu nahi genuke bere jarrera boluntarioa, esku zabaltasun hori, eta batez be jarri duen indarra eta kemena ilea-apaindegia aurrera ateratzeko, nahiz eta ez duen estreinatu…G.B.".
AGUR ETA OHORE.
Alkate, idazkari,
Lagun eta abertzale.
AGUR Eusebio,
Egun handira arte.
Nun hago, sukaldean,
Flanak egiten ba habil?
Salda eta langostinok,
Bakallaua saltsan pil pil...
Han dauden otxandiotarrak,
Jarri dute ONGI ETORRI.
Agur ekitaldirik ez
Perico Orobengoa jubilatuen elkarteko ordezkariak adierazi duenez, Eusebio Villarrek ez zuen inongo eliza-elizkizunik, ez beste ekitaldirik nahi. "Eguenetan, Labidean mokadutxo bat jan eta zerbait hartzeari Angelusa deitzen zion eta hori nahi zuen egitea. Berak zuen txokoan batu, eta 12:00etatik 14:00etara bitartean bere omenez zerbait hartzea".