Mundukiderekin batera Fagor Elektronika, Athlon eta Ikerlan –aurten sartu da hau– daude lasterketaren antolatzaile taldean eta horien ordezkariak Urkulun elkartu dira gaur, lasterketaren nondik norakoen berri emateko.
Hiru modalitate helduendako
Hiru modalitate izango dira eta guztiek emango diote Urkulu urtegiari bira (6,3 kilometro). Martxa nordikoa egingo dutenak eta oinezkoak –edonori irekiak bi modalitateak– 10:30ean abiatuko dira, eta lasterkariak, 11:00etan.
Lasterka egiteko kooperatiba bereko hiru laguneko taldeak osatu beharko dituzte, ohi legez. Eta hiru kategoria egongo dira: emakumezkoak, mistoa eta gizonezkoak.
Prezioa izango da 10 euro guztientzat eta ikasleek 5 euro ordainduko dute. Parte hartzeko aukerarik izan ez baina ekarpena egin gura dutenek, dortsal solidario eskuratu ahal izango dute www.mundukide.org atarian edo 00989 Bizum zenbakian.
Haur eta gaztetxoek ere babesa erakutsi ahal izango diote Mundukideri. Horiek ez dute ordaindu beharrik izango eta 10:00etan abiatuko dira; taldeak adinka banatuta osatuko dituzte:
- 2015-2016-2017 Jaiotakoak: 100 m.
- 2013-2014 jaiotakoak: 500 m.
- 2011-2012 jaiotakoak: 1.000 m.
- 2009-2010 jaiotakoak: 1.500 m.
- 2005-2008 artean jaiotakoak: 6.300 m.
Lasterketa AZ Gaubelak-ek animatuko du eta UDA kirol elkartekoen laguntzarekin pintxoak eta edariak izango dira, Harreman dendako kafe-txokoarekin batera.
Izen-ematea zabalik
Izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko. Webgunearen bitartez egin ahal izango da urriaren 17a arte www.mundukide.org. Lasterketa egunean bertan ere eman ahal izango da 08:30etik 10:30era bitartean, Urkulun –Otalora jauregiko aparkalekuan–.
25 urte lanean
Mundukidek dagoeneko 25 urte bete ditu eta hainbat lankidetza programak ditu abian Afrikan eta Ameriketan. "Nekazariei laborantzarako aukerak eskaintzeko egiten dugu lan Mozambiken eta Etiopian, elikadura-beharrak asetzeaz gain errenta sortzeko gaitasun handiagoa izan dezaten. Bestalde Brasilen, Kolonbian eta Ekuadorren familien garapen sozioekonomikoa
bultzatzeko helburuarekin, kooperatiben jarduna hobetzeko lanean dihardugu, ekoizpenetik merkaturatzeraino, prozesuen optimizazioan erreferente diren pertsonei kudeaketari buruzko prestakuntza eskainiz".
Gaineratu dute gizartearen eta erakundeen laguntza "ezinbestekoa" dutela: "Mundukidek babesa behar du hegoaldeko herrialdeetan lan aukerak sortzen jarraitzeko. Ondo dakigu, lan aukerak sortzea dela pertsonen bizitza aldatzeko giltzarri nagusienetarikoa, jaiotako herrialdean lan eta bizi ahal izateko".