Bi urtean behin egiten dituzte topaketak Mundukide Fundazioko langileek. Normalean, Udalako Ingurumen Eskolan egiten dira topaketa horiek, baina, eskolan egiten ari diren lanen eraginez, aurten Arantzazuko Santutegian elkartu behar izan dute. Eguaztenean hasi zituzten topaketak eta gaur eman diete amaiera. Bertan, guztira, Mundukideko 25 kooperante elkartu dira. Horietako hamasei Afrikan eta Hego Amerikan lanean ari dira, eta gainontzeko bederatziak Euskal Herriko lantaldearen parte dira.
Mundukide Fundazioko presidente Josu Urrutiaren arabera, topaketa horien helburua egunerokotasunean eten bat egin, gai ezberdinen inguruan hausnartu eta elkarrekin egotea da, "talde kultura hori gogoratzeko, bermatzeko eta lantzeko". Plan estrategikoa gogoratzen ibili dira, lau urte hauetako erronkak errepasatuta. Horrez gain, "hemengo eragileekin, batez ere kooperatibekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin", harremanak estutzeko aprobetxatu nahi dute egonaldia.
25. urteurrena
Bi urtean behin egiten diren topaketak izan arren, aurtengoak bereziak izan dira, Mundukideren 25. urteurrenarekin batera egin dituzte eta. 1999ko irailean sortu zen Mundukide, eta oso presente izan dute urtemuga hori: "Beste harrotasun bat ematen dio horrek. Duela 25 urte, zenbait eragile, bereziki Debagoieneko GKEak, bultzada bat eman ahal izateko elkartu ginen, hegoaldeko beharrei erantzuna emateko. Ideia hari kooperatiben erantzuna batu zitzaien eta Mundukide sortu zen".
Urteak pasatu diren arren, Urrutiaren ustez fundazioak mantendu egin ditu bere oinarriak. "Nire ustez, oinarria hiperkooperazioak izan behar du, eta gaur egun ere horrek jarraitzen du Mundukideren oinarri nagusietako bat izaten. Azkenean, GKE-ek, kooperatibek, pertsonek zein boluntarioek helburu baten inguruan jardun behar dute". Bestalde, 25 urte hauetan "munduko beste gizarteei egindako ekarpena" balioetsi nahi izan du presidenteak: "Lan kooperatiboa, lan autogestionarioa, horrenbeste ezaugarri dituen lan hori da pertsonak hobetzeko bidean gure laguntza eskaintzeko bide nagusia".
Kooperanteen Nazioarteko Eguna
Irailaren 8an ospatzen da Kooperanteen Nazioarteko Eguna. Egun hori kooperanteek egiten duten lana erdigunera ekarri eta hari balioa emateko baliatuko du Mundukidek, gogoraraziz kooperanterik gabe ez dagoela kooperaziorik. "Mundukiden hasieratik oso garbi izan genuen gure ereduak kooperanteengan oinarritua izan behar zuela. Kontestua, herrialdea, pertsonak, beharrak, nahiak zein helburuak ezagutu behar dira, eta hori ezin da Internet bidez modu telematikoan egin; hori guztia eskaintzeko bertan izan behar duzu".
Urrutiak azaldu duenez, inoiz ez da erraza izan kooperanteak aurkitzea. "Guk profil bereziak bilatzen ditugu. Esperientzia kooperatiboa aurrez ezagutzen duen jendea nahi dugu, baina ez da erraza kooperatiba bat uztea Mundukiden hasteko. Hala ere, gure lankideen artean badira 4-5 pertsona kooperatibetatik irten direnak".