Jendaurrean da Antzuola-Bergara bidegorriaren proiektua

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ira. 7a, 12:54

Herriak lotzen dituzte bidegorriak ditu ardurapean Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta bi herrietako herritarrek zein udalek aspalditik dute eskarien artean Antzuola eta Bergara lotzea. Herri barruko lanei dagokienez, udalen eskumenak dira.

Jendaurrean da Antzuola eta Bergara bidegorriz lotzeko eta, aldi berean, Antzuolako saneamendu kolektorea eraikitzeko proiektua, hilaren 6an argitaratu baitzuten iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, egin beharreko lanek kalte egingo diotela uste duten herritarrek erreklamazioak aurkez ditzaten hogei egun balioduneko epean, hilaren 9tik aurrera. Hain justu, Arrasateko Krean kooperatibak idatzi zuen proiektua 2024an, eta aurkeztutakoa "egokitzat" jo ondoren, izapideei hasiera emateko hautua egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Egin beharreko lanei dagokienez, Diputazioak nagusienak zehaztu ditu: zoriak eta zoladurak eraistea eta lehengoratzea; saneamendu eta gas-sareak instalatzeko indusketa eta betelana, ibaian gora eta behera; Deskarga erreka gainean, Avia gasolindegiaren parean, beste pasabide bat egitea; ibilbidearen argiztapena bermatzea eta trazadura seinaleztatzea, balizatzea eta babestea; Urteaga kaleko industrialdearen hegoaldean beste aparkaleku bat egitea; eta eragindako zerbitzuak birjartzea eta ingurumen-integraziorako neurri zuzentzaileak hartzea.

Herritarrak, urtetan esperoan

Bergararrek eta antzuolarrek aspalditik dute aldarri bi herriak bidegorriz lotzea. Hain justu, Bergarari dagokionez, Ibargarai eta San Antonio lotzeko bidegorriko lanak, dena ondo bidean, irailaren amaierarako bukatuta izatea espero du Udalak, baina handik Antzuola alderakoa egin gabe dago. Hain justu, Urteaga industrialdearen hasierara arte dagokio Udalari lan horiek egitea; proiektuaren idazketa ja esleituta dute, eta lanak 2025erako bukatuta izatea espero dute.

Antzuolan, berriz, herritik Galartza pareraino dago bidegorria eginda, Lapurzubiraino, eta handik Aseginolaza pareraino joan daiteke, bidegorri ofiziala egin gabe dagoen arren; puntu hartatik Bergarara arteko bidegorri zatia, baina, ez dago eginda.

Bada, Foru Aldundiari tarte horretan dagokio eskua sartzea, Galartza paretik hasi eta Urteaga industrialdearen amaieraraino; hain justu, hori da jendaurrean dagoen proiektua. Bada, ordea, gogoan hartu beharreko beste lan bat ere: saneamendu eta gas-sareak instalatzeko indusketa eta betelana egin behar baitu URA Agentziak, Antzuolako saneamendu kolektorea martxan jartzeko. Haren hitzetan, udalerriko hondakin eta industria isurketa guztiak bildu nahi dituzte, egun Arizti baserriaren inguruan ibaira isurtzen direnak, hala Bergarako Deba erdiko hodi-biltzailearekin lotzeko, Antzuola ibaiak Deba ibaiarekin bat egiten duen tokitik gertu, ondoren isurketa horiek Mekolaldeko araztegira eramateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak