Bergarako bidegorri zati berria "erritmo onean" doa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko uzt. 16a, 12:22

Ibargarai eta San Antonio lotuko dituen bidegorria udazken hasierarako bukatuta izatea espero du Udalak, 2025ean Antzuolarainoko tartea gauzatzeko. Gaur egungo obra Orsa enpresa ari da egiten eta Udalaren inbertsioa 400.000 euro ingurukoa izango da.

Ekainaren 25ean hasi ziren Ibargarai eta San Antonio lotzeko bidegorriko lanak, eta "martxa onean" doaz. Ordutik, ingurabidea dago errepidean, lanek ahalik eta kalte gutxien eragin dezaten; oinezkoak eta bizikletak errepidetik igarotzen ari dira. Dena ondo bidean, udazken hasierarako bukatuta egongo da Ibargaraitik San Antoniorainoko bidegorri zatia. Orsa enpresa ari da lanok egiten, eta Udalak 400.000 euro inguruko inbertsioa egin behar izan du, obra-zuzendaritza eta laneko osasun zein segurtasun koordinazioa kontuan hartuta.

Eragina arintzeko soluzioa

Ibargarai eta San Antonio artean egon ohi den zirkulazioa ikusita Udaleko arduradunek kezka zuten obren eragina nola arindu jakiteko; honela azaldu du Markel Azkargorta zinegotziak: "Bagenuen kezka trafikoan izango zuen eraginean. Enpresarekin batera ahalik eta kalte txikiena sortzeko soluzioa landu genuen eta bi aldeok erabaki dugu obrek iraungo duten lau hilabeteetan bypass bat jartzea. Noranzko bakarreko zirkuitu bat diseinatu dugu: Antzuolatik herri barrura Mintegi kaletik Ramon Maria Liliraino, Espoloitik pasata; eta alderantzizko noranzkoan, herrigunetik San Antonio aldera, Ibargarai kaleko zati hori noranzko bakarreko utzita".

Hurrengo faserako gertu

Herri barruko bidegorri zatiaz harago, baina, Antzuolarainoko tarteak ez du epe zehatzik: "Proiektuaren idazketa adjudikatuta dugu eta behin proiektua esku artean izanda berehala jarriko dugu martxan obraren exekuziorako esleipen prozesua. Azken fase hori 2025ean gauzatzea da gure asmoa, eta horretan ari gara lanean".

Markel Azkargorta, Udaleko hirigintza arloko zinegotzia: "2025ean gauzatu nahi dugu Antzuolarainoko bidegorri zatia"

Nola doaz Ibargarai eta San Antonio lotzeko lanak?

Erritmo onean doaz. Orain espaloian eta errepide zati batean ari dira lanean, oinezkoen eta bizikleten erreientzako beharrezkoa den espazioan. Aurrerago etorriko dira asfaltatze eta itxura emate lanak. Urteagatik Espoloirako irisgarritasunean ere hainbat hobekuntza planteatu ditugu.

Gero etorriko da Antzuolarainoko zatia; nola dago? Noiz egingo da?

Gipuzkoako Foru Aldundiak egin behar zuen Antzuolako Galartza auzotik Urteaga kalerainoko lotura. Bere momentuan, 2014an, adostu zen Aldundiak egingo zuela Urteaga kaleko azken etxeetarainoko zatia, baina atzera egin dute, eta eremu industrialaren bukaeratik Urteaga kaleko azken etxeetarainoko tartea Udalak bere gain hartu beharko du orain. Fase horretarako idazketa esleituta dugu dagoeneko, eta, hasiera batean, bizikletentzat egokituko da gaur egungo errepidearen zati bat. Proiektua esku artean dugunean berehala jarriko dugu martxan esleipen prozesua. 2025ean gauzatu nahi dugu.

Ezer gaineratu nahi duzu?

Bidegorriaren proiektua mugikortasun jasangarriaren barruan kokatzen dugu; horren aldeko hainbat estrategia lantzen ari gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak