Debagoiena eta Gasteiz lotzen dituen GI-627 errepidearen zatia hilabetez itxita egongo da mota guztietako ibilgailu eta txirrindularientzat. 15 tonatik gorako ibilgailuek AP-1 autobidea izango dute ordezko aukera gisa, eta gainontzeko ibilgailuek AP-1 autobidea edo Leintz Gatzagako errepide zaharra erabili beharko dute Araba aldera joateko. Arlabango mendatean, lerradura egonkortzeko lanak egingo dituzte, hori dela eta, irailaren 2ko 8:00etatik urriaren 4ko 20:00tara, errepidea itxita egongo da Arlabango mendatearen gainetik (19,350 KP) Eskoriatzako Aingeru Guardako biribilguneraino (27,200 KP). Obra gunea GI-627 errepideko 21,900 – 23,200 KPen artean kokatzen da.
Bizilagunei abisua pasata
Hobekuntza-obrak erabiltzaileen segurtasuna bermatze aldera egin nahi ditu Aldundiak, eta galtzadaren mozketaren muturretan larrialdietako ibilgailuei, inguruko etxebizitzetara doazenei eta inguruko jarduera ekonomikoetara doazen pertsonei sartzen utziko zaie.
Autobus zerbitzuan aldaketak
Garraio publikoari dagokionez, obra horiek ere gorabeherak eragingo dituzte Lurraldebuseko zerbitzuan. Zehazki, gaurtik –irailaren 2a– lanak amaitu arte, DG05D linea (Eibar-Vitoria-Gasteiz pantanotik) ez da Gure Ametsa jatetxeko geralekuan geldituko. Geraleku hori zerbitzurik gabe geratuko da mozketa amaitu arte.