Irailaren 8ko manifestaziora joateko deia egin die Debagoieneko Ernaik bailarako gazteei

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abu. 27a, 14:55

Debagoieneko Ernaik Arantzazun egin duen agerraldian bailarako gazteei dei egin die irailaren 8an Donostian egingo duen manifestaziora joateko.

Debagoieneko Ernaik egin duen agerraldian bailarako gazteei dei egin die irailaren 8an Donostian egingo duten manifestaziora joateko. Iazko irailean Bilbon eta Gasteizen errepide mozketak egin zituzten "modu baketsuan", Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen espetxeratzea salatzeko, eta orduan 133 gazte identifikatu eta isundu zituzten. Guztira 290.500 eurokoa da isuna. Mugimendu mailako eraso eta adierazpen askatasunaren kontrako ekintza bezala definitu du isuna Ernaik; inoiz kolektibo gisa jasan duen eraso larriena bezala.

"Ezker independentismoa eta Ernai antolakundea geroz eta indartsuago aurkitzen diren une batean gertatzen da hau. Ez da salbuespena. Bestetik, mugimendu sozialen kontrako errepresio mekanismo nagusia da Mozal Legea eta horren bidez, mugimendu sozialak itotzen jarraitzen dutela gabiltza salatzen", azaldu du Debagoieneko Ernaiko kide Beñat Loidik.

Donostiara joateko autobusa

Egoera hori salatzeko, manifestazio nazionala deitu du Ernaik Donostian irailaren 8an Bat eginez Indenpendentziara lelopean, 13:30ean.

Hala, autobusak antolatu ditu Ernaik Donostiara joateko Debagoienetik. Arrasate eta Oñatitik zuzenean joango dira autobusak Donostiara. Antzuolatik ateratzen denak, berriz, Bergaran egingo du geldialdia; eta Eskoriatzatik ateratzen denak, Aretxabaletan. Irteera lekutik goizeko hamarretan aterako dira autobusak. Dagoeneko eman daiteke izena herriko tabernetan.

Halaber, isuna ordaintzeko diru-bilketak jarri dituzte martxan, eta ekarpenak egitera animatu dituzte herritarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak