Alerta laranjan dago Debagoiena tenperatura altuengatik

Gontzal Belategi Zubia 2024ko uzt. 30a, 13:59

13:00etatik 19:00etara luzatuko da gaurko alerta egoera. Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, tenperaturak 38 gradutik gorakoak izan daitezke. Atzo, Bergaran erregistratu zen EAE osoko bigarren balio altuena, 39,6 ºC.

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri zuen atzorako eta gaurko Euskal Autonomia Erkidegoko barnealde guztian, tenperatura altuen eraginez. Gaurko alerta 13:00etatik 19:00ak arte luzatuko da. Debagoienean ere gogor kolpatu du beroaldiak. Bergara izan zen EAE osoan bigarren tenperatura balio handiena erregistratu zuen herria, 39,6 ºC. Bergarako Udalak Beroaldien Aurkako Plana iragarri zuen pasa den astean, eta beroaldiaren eraginez aktibatzeko beharra izan du dagoeneko.

Debagoieneko kaleak hutsik ageri dira, eta herritarrak bainu-lekuetara hurbildu dira. Ibarreko ur txorrot guneak eta igerilekuak jendez bete dira. Usako eta Gaztañadui gisako bainutokiak ere beteta daude. Horrez gain, oporraldiak aprobetxatuta, ez dira gutxi izan kostaldera freskura bila joan diren debagoiendarrak.

Tenperatura jaitsiera

Euskalmetek, Euskal Meteorologia Agentziak, adierazi duenez, goi-presioak Atlantikotik Europako barnealdera hedatu izana, eta une beran, goi-geruzetan dana bat Portugalgo kostaldean kokatu izana dira beroaldiaren arrazoi nagusiak, jatorri afrikarreko aire bero masa bat iritsierarekin batera. Hala ere, konfigurazio honen eraginak gaur iluntzerako amaitzea espero da, ipar-haizea sartzen joango da kostaldetik, tenperaturak pixkanaka jaitsiz. Horrenbestez, bihar ez da alerta laranjarik egongo.

Gomendioak

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Osasun Sailaren autobabeserako gomendioei jarraitzea aholkatu du. Hauek dira gomendioak: 

  • Ondo hidratatu! Ura eta likidoak maiz edan.
  • Jan elikagai arinak: entsaladak, gazpatxoa, barazkiak eta frutak.
  • Jantzi lasaiak, arinak eta transpiragarriak erabili.
  • Saihestu kalera irtetea eta jarduera fisiko bizia egitea bero gehien egiten duen orduetan.
  • Ateratzen bazara, burua estalita eraman eta bilatu itzala.
  • Mantendu etxea fresko, jaitsi pertsianak eta itxi leihoak bero egiten duen orduetan.
  • Bero handia sentitzen baduzu, freskatu gorputza, aurpegia eta eskuak ur freskoarekin.
  • Eduki zure botikak leku fresko batean.
  • Arreta berezia eskaini haurtxoei, adingabeei, adinekoei, haurdun dauden emakumeei, bularreko haurrei eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei.
  • Bisitatu adinekoak, batez ere bakarrik bizi badira.
  • Ez utzi inoiz pertsona edo animalia bat aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, nahiz eta itzalpean egon.
  • Ordubete baino gehiago luzatzen diren eta beroarekin zerikusia duten sintomen aurrean, bilatu osasun-arreta eta egon leku fresko batean.
  • Norbait konorterik gabe badago eta oka egiten badu, burua zeharkatu eta aire-bideak libre eduki.
  • Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.
Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak