ALBISTEAK

Danbaka Musika Lehiaketaren seigarren aldia badator

Mirari Altube Arrese 2024ko uzt. 17a, 14:40

Bueltan dator Debagoieneko Musika Lehiaketa. Seigarren aldia izango da, eta Bergarako Seminarixoa aretoa izango du kokaleku, aurten ere. Lau kontzertu izango dira, urritik abendura bitartean, eta final handia, urtarrilean. Debagoieneko musika taldeek parte hartu ahal izango dute eta izena emateko aukera zabalik dago.

Gaur aurkeztu da seigarren Danbaka, Bergarako Seminarixoa aretoan. Goiena Komunikazio Taldeak antolatu du, Bergarako Udalaren laguntzarekin. Hain zuzen ere, 2022ko edizioak utzi zuen "zapore eta oroitzapen gozoaren" ostean, erabaki dute aurten ere. Debagoieneko taldeei bideratu diete eta, edizio guztietan bezala, denetariko estilo eta formatuak izango dira ondo-etorriak. Gainera, ez zaie aterik itxiko 2022an parte hartu zutenei.

Antolatzaileak "pozik"

Bergarako alkate Gorka Artola "pozik" agertu da lehiaketaren itzulerarekin eta "talde gazteei" bultzada emateko aukerarekin: "Hamabi urtetan ospatu barik egon ostean, duela pare bat urte Bergarako Udaletik talde hasiberrien aldeko apustua egitea erabaki genuen. Ziurrenik, hamabi urtetan asko aldatu da panorama musika munduan, baina argi dagoena da talde gazteek bultzadatxoa behar izaten dutela, eta, kasu honetan, gu ere prest gaude". Egitasmoari jarraipena emateko asmoa ere agertu du: "Gure helburua, behintzat, bada egitasmo honi jarraikortasuna ematea, eskualdeko eta, bereziki, Bergarako musika taldeentzat erakusleiho bihurtzeko. Ez dakigu Danbaka honetatik hurrengo Gorka Urbizu edo Izaro berria irtengo den, baina argi daukaguna da erakundeetatik aukerarik eskaini ezean hori lortzea zailagoa izango dela".

Goiena Komunikazio Taldeko presidente Monika Belastegik ere "pozik eta gogotsu" hitz egin du: "Goienaren berezko helburuekin bat egiten du musika lehiaketa honek. Alde batetik, Danbakarekin, gazteak erakarri nahi ditugu euskal hedabideetara; hain justu, Goienako hedabideetara. Eta bestetik, eskualdeko musikariei –bakarlari, bikote zein talde– aukera eskaini nahi diegu era askotako musika adierazpenak haizatuz".

Bosgarren edizioa legez aurtengoa ere arrakastatsua izango dela azpimarratu du, eta Bergarako Udalari eskerrak eman dizkio bidelagun izango delako horretan: "Bergarako Udalarekin eskutik goaz proiektu honetan, duela bi urte bezala; eta, nola ez, eskerrak eman nahi dizkiot egitasmoan sinistearren".

"Esperientzia ezberdina"

2022ko lehiaketako Sari Nagusia The Clayton talde aramaioarrak irabazi zuen. Bertako kide Jokin Larrañagak Danbakan bizi izandakoen berri eman du: "Danbaka esperientzia aberasgarri bezain ezberdina izan da guretzat. Eta ezberdina, diogu, zentzurik onenean. Bizi garen inguru honetan ez da batere normala lehiaketa batean parte hartu ahal izatea". Bailarako musika zaleak batzeko Goienaren gaitasuna ere nabarmendu du: "Elkargune bat sortu zuen 2022ko Danbakak bailara osoko musika-zaleak elkartzeko, euskaraz, eta musikaren bueltan. Aspaldi ikusi gabeko jendea elkartu, talde berriak ezagutu... Horrez gain, musika taldeendako erakusleiho ederra ere bada Danbaka".

Izen-emate epea zabalik

Aurkezpenarekin batera zabaldu da izen-emate epea, eta irailaren 22ra arte eman ahalko da. Debagoieneko hamasei taldek parte hartu ahalko dute lehiaketan eta baldintzetako bat izango da parte-hartzaileetako kide bat –gutxienez– Debagoienean erroldatuta egotea. Edozein estilotako bakarlariak eta taldeak onartuko dira.

Hamabost talde Danbakako epaimahaiak aukeratuko ditu, eta azkena, hamaseigarrena, publikoak, boto bidez. Zuzeneko emanaldiak izango dira epaimahaiak baloratu beharrekoak. Hala, seigarren edizio honetan lau kontzertu egingo dituzte: urriaren 25ean, azaroaren 15ean, azaroaren 29an eta abenduaren 13an. Final handia urtarrilaren 17an jokatuko da. Aurten ere, beraz, kontzertu guztiak ostiraletan, 21:30ean hasita, Bergarako Seminarixoan.

Hiru sari emango ditu Danbakak aurten. Sari Nagusia izango da diskoa grabatzea; Publikoaren Saria, bideoklip bat; eta Danbaka-Ekinez saria, azkenik, 2025ean Bergaran egingo den Ekinez jaialdian jotzeko aukera.

Danbakaren gaineko informazio guztia eta lehiaketaren oinarriak, Danbaka.eus-en atarian kontsulta daitezke.

Lehiaketaren koordinatzaile Jokin Bereziartuak adierazi du orain dela bi urte ondo funtzionatutakoari eutsi egingo diotela: "Sanprubusa izango dugu San Martin plazan eta chill out gunea ere egongo da aurten. Areto barruan ere barra zerbitzua egongo da".

Aurkezpena bukatu aurretik, aipamen berezia egin dio iazko uztailean hil zen Xabier Labaien soinu-teknikari bergararrari: "Danbakako edizio guztietan, 2004tik 2010era arteko lau edizioetan eta 2022koan soinu teknikari lanetan aritu zen. Beti itzalean, isil-isilik eta ezkutuan lanean, sekulako lana egiten zuen. Besarkada estu bat, Xabier, zauden lekuan zaudela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak