Ibilaldiarekin bat egindako lagunak eguazten arratsaldean elkartu ziren Bergaran, kartzela zaharrean. Elkar agurtu, lehen inpresioak konpartitu eta abian jartzera: saskibaloi txapelketa, San Martzialera igoera edota kontzertu akustikoa izan zituzten, lehen egunean.
Salto txapelketa Usakon
Handik Oñatira egin zuten atzo eta, bertan, besteak beste, salto txapelketa jokatu zuten Usakon. Eguraldi ona lagun, jendetza batu zen bainutoki ertzeko harmailetan. Parte hartzen, hamar lagun; eta horiek egindakoak baloratzen, hiru kidez osaturiko epaimahaia. Saltoaren kalitatea, sortutako zipriztin kantitatea eta hartutako zartatekoa baloratu zituzten eta Oier Aldekoa oñatiarra izendatu zuten txapeldun.
Arrasatera iritsi dira gaur, hirugarren eta azken egunean; politika eta industria kulturalari buruzko mahai-ingurua edota kontzertuak antolatu dituzte bertan.
Balorazio "positiboa"
Hasieratik bukaerara, 25-30 lagunek parte hartu dute jardunaldietan, baina ekintza puntualetara jende gehiago batuz joan da eta, orotara, 100 bat pertsona mobilizatu dituztela adierazi dute antolakuntzatik.
Egun, eskualdeko komunitate politikoak bizi duen egoeraz galdetuta, indarra eta aurrera jarraitzeko gogoa azpimarratu dituzte.