Maskotak izango dira aztergai Saretzen proiektuaren laugarren aldian, datu kazetaritza hizpide izanda, eta batik bat, txakurrengan jarriko da arreta; horrela egingo du Goiena Komunikazio Taldeak ere. Bihar, ekainak 18, goiena.eus-en landuko da gaia goizean goizetik, Debagoieneko biztanleria orokorraren eta txakurren arteko datuen alderaketak egingo baitira herriz herri; hala ere, izango da zer ikusia Goiena telebistan ere, zenbait eduki jasoko baitira: Itziar Zabaletari, Altamira albaitaritza klinikako albaitariari, eginiko elkarrizketa egongo da ikusgai, eta baita txakur jabeekin zein txakurrendako zerbitzuak eskaintzen dituztenekin erreportaje bana ere. Hori guztia, gainera, Goiena aldizkarian irakurtzeko aukera izango da egubakoitzean.
Elkarlanaren berri
EITBk eta Tokikom tokiko komunikabideen sareak 2022an jarri zuten abian Saretzen proiektua, datu kazetaritza elkarrekin lantzeko eta datuak modu bateratuan erabili ahal izateko. 2001-2021 urteen arteko Hego Euskal Herriko demografia landu zuten lehen aldian, eta ondoren, berriz, immigrazioaren bilakaera eta banketxeena. Era horretan, "euskal esparru komunikatiboa garatzea eta trinkotzea da aliantzaren xedea, biztanleriaren informazio beharrak asetzeko". "Euskaraz sortutako kalitatezko eduki lehiakorrekin Euskal Herriko agendan eragitea ere badu helburu".