1.558 enpresa parte-hartzaile daude aurten, 29 herrialdetakoak; produktu eta zerbitzuei dagokienez, berriz, 3.500etik gora dira, eta benetako ikuskizun industrial eta teknologikoa izan ohi da.
Nazioarteko presentzia ere handia da, besteak beste tartean baitaude Italia, Ameriketako Estatu Batuak, Alemania, Portugal, Japonia, Taiwan eta Turkia bezalako herrialdetako enpresak. Hala ere, urrunera joan gabe, Debagoienekoak ere badira: Arrasateko Fagor Automation eta Mondragon Engineering and Business Solutions, Oñatiko Ulma Embedded Solutions edota Danobat taldeko Bergarako Soraluce enpresa.
Rafa Idigorasek, Soraluceko zuzendari nagusiak, adierazi du 2021etik 2023ra urte "oso onak" izan zirela –bai eskaeretan eta baita fakturazioan ere–, baina nabaritzen ari direla orain merkatu eskaerak murrizten ari direla gehien bat Europako subkontratazio tailerretatik, eta makina estandar gutxiago eta enpresa handienetako proiektu berezi gehiago saltzen dituztela.
Mexiko da gonbidatua
Urtero herrialde bat gonbidatzen dute azokara bere produktuak erakustera, eta aurten Mexiko gonbidatu dute, hango 70 enpresa baitaude erosle posibleen artean. Soraluce enpresarendako ere Mexiko merkatu ona izan da azken hiru urteetan.