2023-2024 ikasturteak emandakoen balantzea egin du Goienagusik

Txomin Madina Milikua 2024ko mai. 27a, 16:00

2023-24 ikasturtea amaitzeko oraindik ere ekintzaren bat edo beste geratzen den arren, ikasturte amaierako ekitaldia egin du Goienagusik Arrasateko Kulturaten. Azken hilabeteek emandakoaren balantzea egin dute bertan eta zuzendaritzakoek modu positiboan baloratu dute ikasturtea.

Hala, Arrasaten, Bergaran zein Oñatin izan ohi diren hitzaldietan parte-hartze altua nabarmendu du Jesus Mari Ugartek, eta gaineratu antolatzen dituzten bestelako ikastaro, ikuskizun, askotariko irteera eta mendi-ibilaldietan ere gero eta jende gehiagok ematen duela izena: "Hitzaldiak dira jende gehien erakartzen duten ekintzak, eta horietan bataz-beste 90 lagun inguru elkartu dira. Bestelako ekitaldietan ere gero eta jende gehiagok parte hartzen du".

Hitzaldien artean, geopolitikarekin eta osasunarekin lotutakoek izandako harrera azpimarratu du Ugartek: "Geopolitikari buruz hitz egiteko gonbidatu finkoak diren Juanjo Alvarez eta Asier Blas ditugu, esaterako. Eta osasun kontuetan, erreferentea den Felix Zubia. Era horretako hitzaldiak dira jende gehien erakartzen dituztenak; normalean 100 lagunetik gora elkartzen dira".

Azken ikasturte honetan bazkide kopurua 230etik 250era igo dela gaineratu du Goienagusiko lehendakariak, eta ekimena aurrera eroan ahal izateko dituzten zortzi lan-taldeetan zein zuzendaritzan jende berria behar dela. Era berean, jendea Goienagusira batzera ere animatu du: "Ekintza interesgarriak egoten dira eta denbora pasatzeko zein ikasteko aukera ona dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak