Duinduz proiektua jarri dute martxan

Txomin Madina Milikua 2024ko mai. 7a, 15:32

Etxeko zaintzan aritzen diren langileei zein zaintza zerbitzua jasotzen duten familiei lagundu asmoz, Duinduz izeneko proiektua jarri dute martxan Fagor taldeak eta 2023az geroztik adinekoak beren etxean hobeto bizi daitezen zerbitzu eta produktu integralak eskaintzen dituen Mondragon Korporazioaren Bihar ekimenak.

Bihar ekimeneko zuzendari orokorra eta Mondragon Health-eko zuzendaria da Hector Olabegogeaskoetxea, eta Duinduz proiektuan egingo dutenaren berri eman du. Hain zuzen ere, Fagorrek konpromisoa hartuko du hilean 380 euroko ekarpen ekonomikoa egiteko zerbitzu horiek erabiltzen dituzten familientzat, eta, hala, ekimen honen bidez helburu dute familien "finantza egoera arintzeaz gain, zaintzaileen ongizatea hobetzen laguntzea, bidezko konpentsazioa eta beren lan baliotsuagatik errekonozimendua jasoko dutela bermatuz".

Hori posible izateko, Fagor Taldearen iraunkortasun estrategia jarraituz, eta herri eta komunitate iraunkorragoak lortu asmoz, Taldearen gizarte funtsetik 300.000 euro bideratuko dira Duinduz proiektura: aurten, 150.000 euro, eta datorren urtean, beste hainbeste. "Herri eta komunitate iraunkorragoak lortzeko helburu horretan zaintzarena da dugun erronka nagusietako bat, inklusioarenarekin batera, eta apur bat proiektu honek, Bihar-ekin batera garatuko dugun proiektu honek, bi adar ukitzen ditu: zaintzarena eta inklusioarena. Badakigu zaintzaren sektore honetan zaintzaileen lan baldintzak ez direla izan beharko liratekeen bezain onak, ezkutuko ekonomia handi bat dagoela, eta elkarlan honekin bilatzen duguna da ekonomia hori azaleratzea eta laguntza ezberdinak eskaintzea familiei zaintzaile lanak egiten dabiltzan pertsona horiei kontratuak egin eta beraien lan baldintzak duindu ahal izateko", adierazi du Aritz Otxandiano Fagor Taldeko iraunkortasun arduradunak.

Hasierako baldintzak

Debagoienean bizitzea edo Fagor Taldeko kidea izatea dira laguntza eskatzeko hasierako baldintzak, eta proiektua xehetasun handiagoz ezagutzeko, Mondragon korporazioaren Bihar ekimenak Arrasateko Olarte kalean duen bulego berrian hartuko dituzte bai etxeko langileak eta baita familiak ere. Astelehenetik asteazkenera goizeko hamarretatik arratsaldeko ordubietara egongo da zabalik bulegoetan; eta ostegunetan, arratsaldeko bostetatik zortziak arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak