Leire Galeano pilotari antzuolarrak joan den domekan lortu zuen finalerako txartela, Labriten; Maddi Barrocal bergararrak, berriz, domeka honetan lortu du, Biarritzen. Biak ilusioz daude, baina, urduritasunez bizi dituzte finalaren aurreko egunak bi pilotari debagoiendarrek.
Maddi Barrocal, Bergarako pilotaria:
"Urduritasuna izango dugu, jende asko etorriko delako: familiakoak, lagunak… hala ere ilusioz etorriko gara Naroa eta biok finala jokatzera. Uste dut semifinalen lan txukuna eta lan ona egin genuela eta, maila bera ematen badugu irabazteko aukerak ditugula. Irabaziz gero, Ados familiari eskainiko nioke garaipena, batez ere; egunetik egunera hobetzen ari gara, elkarrekin lan asko egiten ari garelako…".
Leire Galeano, pilotari antzuolarra
"Zaila izango da, partidu gogorra, eta luzea izango dela aurreikusten dut. Txapelketa ere halakoa izan da, luzea, eta finala iristea dagoeneko saria da. Maddi Barrocal ere sailkatu izana, bergararra, eta elkar ezagutzen garela, polita da. Finala Antzuolan jokatuta, herrian irabaztea sekulako izango zen".
Finala berotzeko, promesen partiduak
Natale Aranburuk eta Amaia Arrastiak Aizane Ibarrolaren eta Nahia Vertizen aurka jokatuko dute final handiaren aurretik. Ekitaldia, beraz, 18:00etan hasiko da, eta ekitaldia hasteko promesen partiduak izango dira aurretik. Sarrerak salgai daude ticketself helbidean hamar eurotan, eta, partidu egunean ere salgai egongo dira, Antzuolako pilotalekuko leihatilan.