31.558 debagoiendarrek eman dute botoa gaurko egunean zehar; 2020an baino 1.619 pertsona gehiago gerturatu dira hauteslekuetara eta EH Bildu izan da garaile.
EH Bildu garaile herri guztietan
Bederatzi herrietatik bederatzietan gailendu da EH Bildu, 2023ko Udal hauteskundeetan legez. Oraingoan, 16.043 boto jaso ditu eta kopuru horrek boto guztien %50,48a ordezkatzen du.
2020ko hauteskundeekin alderatuta, 2.545 boto gehiago lortu ditu koalizio abertzaleak eta, era horretara, jeltzaleekiko aldea nabarmen handitu du. 10.110 boto eskuratu ditu EAJk eta, horrek, 870 botoren galera erakusten du bailaran; gainera, ehunekoan ere behera egin dute jeltzaleek, botoen %36,85-a izatetik %31,81-a izatera igaro baitira.
Elkarrekin Podemosek ere galdu egin ditu botoak Debagoienean –1.711tik 621 botora igaro dira–, eta ehunekoetan ere galera izan du –%5,74etik %1,95era igarota–.
PSE-EEk, PPk eta Sumarrek irabazi dituzte botoak bailaran aurtengo hauteskundeetan; alderdi sozialista 2.283 boto izatetik 2.785 boto lortzera igaro da, eta Sumarrek 814 boto eskuratu ditu, %2,56a.
Popularrek ere gora egin dute, 260 boto gehiago lortu lortuta (771 guztira, hain zuzen). Voxi dagokionez, 185 boto eskuratu ditu, 2020ko hauteskundeetan baino 43 boto gehiago; %0,58.