Bukatu dira Aste Santuko oporrak, baina turisten azken egunera arte aprobetxatu dute Debagoieneko altxorrak ezagutzeko. Asteburuan bisita gidatuak egon dira Oñatin eta Leintz Gatzagan. Azken horretan Durangaldetik joandako talde handi bat egon zen Gatz Museoa eta Dorletako santutegia ezagutzen. Bukaera ona eman diote turismo eskaintzari Gatz Museoan. Bereziki jende dezente ibili da egutegiko egun gorrietan.
Oñatin, ere bai
Oñatiko Turismo Bulegoan ere lanez lepo egon dira Aste Santuan. Egunero egin dituzte bisita gidatuak herriko altxorrak ezagutarazteko. Bereziki, Sancti Spiritus unibertsitatea eta parrokia ezagutzen egon dira bisitariak.
Horietako asko, euskal herritarrak, baina gehienak, Espainiar estatukoak. Azken urteen antzera, asko izan dira Katalunia aldetik etorritako bisitariak. Euskaraz eta gazteleraz eskaini dituzte bisitak, gehienak, baina, gazteleraz egin dituzte.