Astelehenean hasiko dute errenta kanpaina

Amaia Txintxurreta Guridi 2024ko api. 4a, 13:28

Dagoeneko 275.000 gipuzkoar baino gehiagok ikus ditzakete errentaren autolikidazio proposamenak eta horiek astelehenetik aurrera onartu ahal izango dira, izan ere, orduan hasiko da 2023. urteari dagokion errenta kanpaina.

Urtero bezala, hiru modutara egin ahalko da errenta aitorpena eta egutegiari dagokionez, hauek izango dira data nagusiak: proposamenak astelehenetik aurrera onartu ahal izango dira; Internet modalitateari dagokionez, datorren eguenetik –apirilaren 11tik– aurrera onartu ahal izango dira; eta errenta mekanizatua edo aurrez aurrekoari dagokionez, modu horretara egiteko hitzordua erreserbatzeko aukera, apirilaren 12tik ekainaren 7ra bitartean egongo da, eta apirilaren 16tik aurrera egongo dira bulegoak irekita horrela egin ahal izateko.

Foru Aldundian eguerdian egin duten prentsaurrekoan Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak adierazi du kanpaina honetan aurreko urtean hartu zituzten ezohiko neurri batzuk inpaktua izango dutela eta baita ere mutualitateen gaiak. Horiek kontutan hartuta, zifra hauek eman ditu: “Gure departamentuak egindako aurreikuspenaren arabera, gipuzkoarrei 358 milioi euro itzuliko genieke, hau da, lehengo urtean baino 24 milioi euro gehiago. Eta aldiz, jasotzeko garaian, 305,6 milioi euro ordaindu beharko lituzkete gipuzkoarrek, eta hori da lehengo urtean baino 168 milioi euro gutxiago. Metatua 52,8 milioi euroko saldo positiboa izango litzateke, herritar guztientzat”.

Ogasuneko zuzendari Irune Yarzak gehitu du guztira 415 mila aitorpen inguru espero dituztela eta horrela sailkatuko direla modalitateen arabera: %55,4 proposamenen bitartez aurkeztuko direla, Internetez %26 inguru eta aurrez aurrekoaren bitartez %18. Emaitzaren datu hauek azaldu ditu: “Emaitzaren arabera %71 itzultzera izango dira eta bataz beste zergadunek jasoko dituzte 1.215 euro. Eta ordaintzera tokatzen zaienei –horiek izango dira aitorpen guztien %29a– bataz beste ordaindu beharko dituzte 2.547 euro”.

Mutualitateen berezitasuna

Aurtengo errenta kanpainak badu berezitasun nagusi bat eta da 100.000 pentsiodun ingururi eragin dien mutualitateen gaia. Hor bi zutabe nagusi azpimarratu ditu foru diputatuak: bata, Auzitegi Gorenaren bi ebazpenen baitan egindako kalkuluak izan direla, eta bestetik, Gizarte Segurantzak eta beste erakunde batzuk egindako kalkuluak ikusiko dituztela zergadunek. Ahalik eta modu sinpleenean adierazten saiatu dira.

Proposamenarekin ados badaude, modu erosoan onartzea gomendatuko zaie; telefonoz edo internet bidez. Baina egon daitezke proposamenik jaso ez duten pentsionistak eta adierazi dute horiek uste badute aplikagarriak zaizkiela aurretik esandako ebazpenak, zuzenketa aurrerago eskatzeko aukera izango dutela, betiere, beharrezko dokumentazioa aurkeztuta.

Gaineratu dute hurrengo egunetan Udaletara eta jubilatu etxetara informazio zuzena helaraziko dutela, eta zerbitzu on bat emateko asmoz, aurrez aurreko arreta ere indartu egin dute eta iaz baino 33 pertsona gehiago izango dira lanean zergadunei laguntzeko, 230 pertsona inguru ibiliko baitira lanean.

Errenta eta Ondarea eta Fortuna Handien zerga aurkezteko azken eguna uztailaren 1a izango da eta euskaraz egiteko deia egin dute Aldunditik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak