Azken hamaika egunetan lurraldez lurraldez, bailaraz bailara eta herriz herri ibili den Korrikaren 23. edizioa heldu da bere helmugara, heldu da Baionara. Eta bertan argitu da lekukoaren barruko mezuaren idazlea zein izan den: Garazi Arrula Ruiz nafarra, idazlea eta Txalaparta argitaletxeko editorea.
Hain zuzen ere Arrulak eroan du lekukoa, AEKren Artezkaritza kide Bixente Claverierekin batera , Askatasuna plazan amaitu den azken kilometroan eta horren ostean irakurri du ondu duen mezua.
Bertan, azpimarratu du "Korrika dela herri bat gose: euskaraz harro bizitzeko gosea"; eta herri horrek ez duela euskararekiko "kontingentzia planik" nahi; baizik eta "egiazko trantsizioa". Halaber, Arrulak bere mezuan esaten duenez, “desira transmisiorako bide behinena" izanagatik, ez dugula ahaztu behar "hizkuntzaren auzia politikoa dela; eta urgentziazkoa". Euskararen komunitatea zabaltzeko gura ere aipatu du mezuaren egileak: "Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Garenak eta izango direnak, etorri direnak eta etortzen ari direnak, dagoeneko bagarenak/badirenak". Mezua, osorik, behean.
"Euskara ez da muga, ate bat da"
AEK-ren amaierako hitzaldian Maider Heguy, Iparraldeko AEKren presidenteak eta Bixente Claverie, AEKren Artezkaritza kontseiluko kideak hartu dute hitza eta azaldu dute euskara ez dela "muga" bat, "ate" bat baizik, baina zenbakiek errealitate "gordina" erakusten dutela: "Helduen euskalduntzearen arloak baliabide eskasak ditu oraino eta ikasleentzako doakotasuna oraino lortzekoa dugu lurralde guztian". "Euskara ikasi nahi duenak euskaldunok behar gaitu", gaineratu dute, eta instituzioek ardura handia dutela nabarmendu: "Hizkuntz-politika ausarta eta sendoa behar dugu eta ez brilli brillizko bilgarria: konpromiso gehiago eta baliabide gehiago ditugu behar, eta orain behar ditugu".
Behin amaiera ekitaldia amaituta, musikaz eta ikuskizunez betetako festak egin du eztanda Baionan.