Aberri Egunean parte hartzeko dei egin du Debagoieneko EH Bilduk

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mar. 22a, 13:51

Euskal Herria nazio bat da. Nazioa gara lelopean, EH Bilduk Aberri Eguna ospatuko du martxoaren 31n Iruñean, eta bat egingo dute debagoiendarrek ere. Autobusak antolatu dituzte joan-etorria egiteko.

Pello Urizar EH Bilduko kideak adierazi duenez, "testuinguru berezi batean" ospatuko du EH Bilduk aurtengo Aberri Eguna: "Kontuan izan behar baita nazioen aitortza eta lurraldetasunaren afera, eztabaida hori erdigunean egongo delako, eta, zentzu horretan, uste dugu sendo, ozen aldarrikatu behar dugula Euskal Herria nazio bat dela, gu nazio bat garela". Are gehiago, "Euskal Herriaren zein euskal herritarren eskubide politiko eta sozialak" bermatzen dituen nazio bat du aldarri koalizioak, "euskal herritarrak hobeto bizi daitezen" erdiesteko.

Testuinguru hori aintzat hartuta, Aberri Eguna "aldarrikapen" egun bat izango dela azaldu du Urizarrek, baina "helburu politiko argi batekin": "Gerora pausoak ematen jarraitzea". Hori dela eta, debagoiendarrei parte hartzeko deia egin die: "Nik uste dut debagoiendarrok, Euskal Herriko beste jende edo gizarte zati handi baten moduan, Aberri Eguna bere sentitzen duela, euskal herritarrona, eta mezua da etor daitezela, bat egin dezatela gurekin aldarrikapen horretan, eta baita jai eremuan ere".

Autobusak eta egitaraua

Debagoieneko herri guztietatik antolatu dituzte autobusak joan-etorria egiteko, Leintz Gatzagatik eta Aramaiotik izan ezik. Martxoaren 30era arte egongo da izena emateko aukera, ondorengo lekuetan: Antzuolan, Aitz Garbi tabernan; Aretxabaletan, Urbaltz tabernan; Arrasaten, Irati topalekuan; Bergaran, Arrano eta Pol-Pol tabernetan; Elgetan, Haizea tabernan; Eskoriatzan, Infernu tabernan; eta Oñatin, Arrano tabernan.

Egitarauari dagokionez, berriz, manifestazioa egingo dute eguerdiko hamabietan Golem-etik abiatuta, eta kale animazioa izango da amaitzean. Horrez gain, umeen gunea ere egongo da arratsaldeko lauretatik aurrera, eta baita kontzertuak ere: Perlata, Xiberoots eta Trikidantz musika taldeak.

Ospakizun gehiago

Eusko Alderdi Jeltzaleak ere martxoaren 31n ospatuko du Aberri Eguna, baina Bilboko Plaza Berrian izango da, Indar berria, Euskadi berria lelopean. Egun bat lehenago, berriz, martxoaren 30ean, Euskal Herria Batera plataformak ekitaldi bat egingo du, "alderdien deialdietan interferentziarik sortu gabe, Euskal Herria ardatz duten eragileak biltzeko" asmoz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak