Domekako Gorlako Igoeraz egin dute berba irabazle ospetsuek

Xabier Urtzelai 2024ko mar. 22a, 12:58

Domekan jokatuko dute 49. edizioa, eta Lokatzako lagunek euren sare sozialak –Instagram– estreinatzeko puntako ziklistak batu dituzte. 'Purito'-k, Juanma Garatek, Mikel Landak eta Alberto Contadorrek Gorlan irabazi zutenekoa gogoratu dute. Gainera, Lokatzakoek lasterketa zuzenean streamingez eskainiko dute.

Gorlako Igoerak mende erdi bete dezan urtebete geratzen da oraindik, baina Lokatzako lagunek aurtengo edizioari ere bultzada eman nahi izan diote, eta, horretarako, Instagramen estreinatutako profilean ziklista handiak batu dituzte lasterketari buruz berba egiteko. Denek dute zerbait komunean, badakitela Gorlako gainean besoak altxatzea zer den. Eta ez hori bakarrik: domekako lasterketari beste oihartzun bat eman nahi izan diote, eta domekako proba streaming-ez eskainiko dute, Youtuben –hemen lotura–. "Aurten, Gorlako Igoerak ez du Espainiako Kopa barruko lasterketekin bat egingo; horrek esan nahi du maila oso oneko txirrindulariak izango ditugula irteera-puntuan. Eta, horrekin batera, ahalegina egin dugu sare sozialetara begira. Hala, Alberto Contador, Joaquim Purito Rodriguez, Juanma Garate, Mikel Landa eta beste ziklista batzuei eskatu diegu Gorlan irabazi zuteneko oroitzapenez berba egiteko", adierazi du Lokatzako presidente Ion Unamunok.

09:30ean hasiko da, plazan

Domekako lasterketari dagokionez, ziklistak 09:30ean hasiko dira lanean, eta, ohi moduan, txirrindulariek 128 kilometroko lasterketa izango dute aurretik. Lehenengo 70 kilometroak bailararen barrenean egingo dituzte, Bergara, Osintxu eta Zubillaga artean. 73. kilometroan igoko dute lehenengoz Gorla –11:33an lehen igoera–, eta, Aizpurutxora jaitsita, 12:20 inguruan pasako dute Deskarga; gero, Antzuolatik (12:24) Bergararako bidea hartuko dute. Azkarrenak 12:42 inguruan zeharkatuko du Gorlako helmuga.

Erostarbe, hirugarren

Aurreratu moduan, eliteko eta 23 urtez azpiko talde indartsuenak izango dira Gorlan, eta tartean egongo dira zenbait debagoiendar. Orain arte jokatu dituzten bost lasterketetan puntuak batu dituztenen artean daude Unax Errasti (Eibar) antzuolar gaztea –iaz gazte mailako Uzarragako Igoera irabazi zuen– eta Aimar Erostarbe oñatiarra, bereziki nabarmendu dena; Caja Rural taldeko mutila erregulartasun handiz dabil Euskalduna torneoan, eta sailkapenean hirugarren postuan dago, Zumaian, Ereñon eta Berriatuan puntuak batu eta gero.

Uzarragako Igoera zapatuan

Peña Ayastuik antolatuta, zapatuan (15:15, Antzuolako plaza) egingo dute Uzarragako Igoeraren 50. edizioa. Edizio berezia izango da, lasterketak mende erdia beteko duelako, eta, aurrekoetan moduan, gazte mailako ziklistak batuko ditu – tartean egongo dira Ulmako ordezkari debagoiendarrak–. Iazkoa lasterketa berezia izan zen, herrikide batek etxean besoak altxatu ahal izan zituelako: Unax Errasti (Ulma) izan zen azkarrena helmugan.

Zapatuko lasterketak, ohi moduan, 75 kilometro izango ditu; lehenengo 35 kilometroak Antzuola, Osintxu eta Elorregi artean egingo dituzte. 16:15 inguruan ziklistek Deskarga igoko dute, Antzuolatik, eta Udanatik bueltan Oñatira jaitsi eta handik Antzuolarako bidea hartuko dute; Uzarragako maldak izango dituzte han zain (17:15).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak