Tropelaren buruan besoa altxata joango dira

Hasier Larrea 2024ko mar. 18a, 12:32

Ardura eta pribilegioa da Korrikaren lekukoaren barruko mezua garraiatzea. Bailaran hainbat izango dira, Korrikalagun diren elkarte, erakunde, ikastetxe zein enpresen izenean, lekukoa eramango dutenak.

Berdin dio gau edo egun, hotz edo bero, busti edo lehor. Euskaldun guztiek itxaroten dute Korrikaren etorrera irrikaz, izan korrikalarien taldera batu eta martxan jartzeko, edota espaloitik animoak emateko. Guztiak bihurtzen dira protagonista, baina badaude pertsona batzuk ekitaldiaren aurpegi izaten direnak minutu batzuetan. Errelebokako lasterkarien keinua imitatzen sartzen dira eszenan, eta irribarrea ateratzen zaie segituan. Haiek dira euskararen aldarria mugiarazten dutenak, atzetik datozenen bultzada lagun.

AEKren proiektua diruz laguntzen duten kolektiboak ordezkatzen dituzte, kilometroz kilometro euren alea jartzen duten taldeak: hasi elkarteetatik, segi ikastetxe, udal eta enpresetara. Zorionez, asko dira Korrikak duen garrantziaren kontzientzia dutenak. Bailaran, urrunera joan barik, 140 elkartek baino gehiagok erosi dute ibilbide zati bat; elkarrekin partekatuko dituzte Debagoieneko lurretan kokatutako 55 kilometroak.

Testigua euren eskuetan eramango duten lau elkartetako bost izendaturekin egon da GOIENA, ekitaldiarekin lotuta dauzkaten aldarteak eta ikuspuntuak zeintzuk diren jakiteko. Esan gabe doa ilusio handiarekin itxaroten dutela eguna, eta betiko gordeko dutela Korrikaren tropelburu izango diren unearen oroitzapena.

"Zozketa bidez erabaki dugu nork eraman; sekulako pozarekin jaso dut niri tokatu izana"

OLATZ PEREZ (ELGETAKO ESKOLA KOMUNITATEA)

Elgetan eskolaren eta eskolako guraso elkartearen artean erosi dute kilometroa, eta, gurasoen artean lekukoa nork eraman erabakitzeko, interesa zutenen artean zozketa egitea adostu zuten. Eta Olatz Perezi egokitu zaio: "Oso pozik eta ilusionatuta nago; ez nuen espero aukerarik izango nuenik. Badira 9 urte ezin izan diogula herrian harrerarik egin Korrikari, eta ziur nago gertakari handia izango dela asteazkenekoa. Nik ordu batzuk hartu ditut jai lanean, baina badakit elgetar dezentek eskatu dutela egun osoko jaieguna", azaldu du Eibarren irakasle jarduten duen Perezek.

Galdakoztarra da izatez, guraso erdaldunen alaba, baina hori ez da eragozpen izan txikitatik euskal giroa xurgatzeko: "Betidanik parte hartu izan dut Korrikan, eta kontziente naiz oso mezu garrantzitsua zabaltzen duela; bide horretan nire ekarpen txikitxoa egitea niretzat oso handia da, gutxi baikara lekukoa eramateko pribilegioa izango dugunak".

 

"Herrian oso ondo integratu naiz; esango nuke horregatik eman didatela aukera bikain hau"

SALOME DIAZ CANTO (GATZAGAKO SORGINAK)

Cadiztarra, Chiclana de la Fronterakoa da Gatzagako Sorginei egokitu zaien tartean lekukoa eramango duen ordezkaria. Bi urte eta erdi darama Leintz Gatzagan bizitzen eta dagoeneko "oso harreman ona" dauka herrikideekin. Sorginak emakume taldeko kide ere bada, eta taldekideek hari eman diote Korrikaren lehen lerroan joateko pribilegioa Gatzagatik pasatzerakoan.

Senarrarekin batera dabil euskaltegian, eta bertan jakin du Korrika zer den: "Ideia oso originala iruditzen zait; nire familiari azaltzen diot nazioartean ere oihartzuna duela. Ilusio handia egiten dit ekitaldi honetan Sorginak ordezkatzeak".

 

"Zuzendaritza batzordekook eramango dugu lekukoa, aurtengoa berezia baita elkartearentzat"

OLAIA ETXENAUSIA ETA AMAIA BEREZIBAR

(LORAMENDI EUSKARA ELKARTEA)

Aretxabaletako kilometro-erosleen artean elkarte finkoa izaten da Loramendi. Aurten euskara elkarteak 30 urte beteko dituela eta, bertako kideek are eta ilusio handiagoz egingo diote harrera Korrikari. Urteurrena dela eta, testigua egungo zuzendaritza batzordeko bi kidek eramatea adostu dute aurten, eta Olaia Etxenausiak eta Amaia Berezibarrek eramango dute, "biok aldi berean".

Elkarte askotako ordezkarien eskuetatik pasako da lekukoa herriko erdigunean barrena, "baina hori ez da arazo izango, beste ekintza askotan bezala denon artean egiten dugulako Korrika", azaldu dute.

Etxenausiari ez zaio berria egingo ardura hori, beste aldi batzuetan egokitu zaiolako emakume taldeen edota guraso taldeen partez eramatea. Hala ere, nerbioak loratuko zaizkiola ez du ukatzen: "Gauez izanda, urduritasun puntu bat izango dugu egunean zehar. Dena den, egun polita izango da, aurreko edizio bakoitza bezala, desberdina".

 

"2022an nire osabak eraman zuen lekukoa, eta aurten beste Garitaonandia batek: nik neuk"

JOSUNE GARITAONANDIA (ELORREGIKO BIZILAGUNAK)

Elorregiko Bizilagunen Elkartea ere protagonista izango da Korrika Arrasate, Bergara eta Oñati artetik igarotzen denean. Aurreko edizioan lekukoa auzoko pertsona nagusi batek eramateko hautua egin zuten, eta aurten auzoko emakumeak izango dira elorregiarren ordezkariak. Horien artean, Josune Garitaonandia, zeinek baduen 22. eta 23. edizioen arteko lotura egiten duen istorio polita kontatzeko. "Nire osaba Anbrosiok eraman zuen testigua duela bi urte, bizikleta gainean; hark duen adinarekin, oso berezia izan zen egurrezko makila eramaten ikustea; aurten ohore hori, besteak beste, nik izango dut, eta asko pozten naiz", aipatu du.

Edonola ere, Korrikak "beti" egiten dio ilusioa: "Euskara harrotasunarekin mugitzen duen ekintza da, eta horrek bultzarazten zaitu. Lan handia dago herriz herriko antolaketan. Gure auzoa txikia izanik, bizilagunok kilometro bat erostea bada ahalegintxo bat, baina merezi du".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak