Zuzenean –Goiena telebistan zein Goiena.eus atarian– emango du Irungo irteera, gaur, martxoak 14. San Juan plazan egingo dute ekitaldi nagusia 15:15aren bueltan hasita, eta hantxe egingo ditu lekukoak lehen metroak 16:00etan.
Korrikak Debagoienean egingo dituen kilometroak ere zuzenean jasoko ditu Goienak.. Eguaztenean izango da lehenengo konexioa. Korrika 06:37an sartuko da Debagoienean, Elosutik, eta zuzenean eskainiko dute une hori bai Goiena telebistak eta bai Goiena.eus-ek. X-ko eta Instagram-eko profiletan une oroko jarraipena egingo du komunikazio taldeak, eta eguerdirako herriz herriko argazki galeriak zein bideoak izango dira ikusgai sarean.
Euskararen aldeko lasterketak eskualdean egingo duen lehenengo sartu-irtena Elosutik Elgetarainokoa izango da, 06:37tik 08:47ra. Egun horretan bertan Korrikari buruzkoa izango da Hemen Debagoiena saio osoa, 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan. Korrika saio berezia ere ekoiztuko du telebistak; 21:00etan eta 23:00etan izango da ikusgai. Ibilbidea kilometroz kilometro eta lekuko aldaketa guztiak jasoko ditu Goienak. Informazioa osatzeko, bi orriko argazki-erreportajea jasoko du hilaren 22ko Goiena astekariak.
Leintz bailara eta Oñati
Korrika bi egun geroago itzuliko da Debagoienera: hilaren 22an. 02:24an sartuko da eskualdean, Leintz Gatzagan behera. Ordurako ere, Goiena Komunikazio Taldeko lantaldea prest izango da kilometroz kilometroko kontakizuna jasotzeko. Telebistan, Goiena.eus atarian eta sare sozialen bitartez –X zein Instagram– egingo du jarraipena. Leintz Gatzagako, Eskoriatzako, Aretxabaletako, Arrasateko eta Oñatiko kilometroak zuzenean eta urratsez urrats jarraitzeko aukera izango da, horrenbestez.
Lantaldeak Korrika saio berezia ere ekoiztuko du 16:00etarako. Leintz bailaran lekuko eramaileek zein lasterkariek egindako bidea kilometroz kilometro ikusteko aukera izango da, Leintz Gatzaga eta Oñati arteko lekuko aldaketa guztiekin batera. Saio hori 19:00etan eta 22:00etan ere ikusgai izango da Goiena telebistan. "Bai egun batean zein bestean jasoko ditugu lekukoa hartzeko daudenen inpresioak, bide bazterrean ikusle moduan daudenenak, antolatzaileenak, eskualdeko koordinatzaileenak... Festa handia izan ohi da Korrika, eta Debagoienean jendetza elkartzen da euskararen aldeko lasterketari babesa emateko, eta nork bere onena ematen du. Unean uneko bizipenen eta emozioen lekuko izango gara", azaldu du Goienako ikus-entzunezkoen zuzendari Oihane Agirrek.
Amaiera zuzenean Baionatik
Korrikaren irteerarekin atzo egin bezala, amaierako ekitaldiak ere zuzenean ikusteko aukera izango da Goienako euskarrietan. Beste hainbat hedabiderekin batera elkarlanean ekoiztutako saioa izango da eta Goienako kazetari Amaia Txintxurreta Lapurdiko hiriburuan izango da. "Une zirraragarriak bizi izango ditugu, ziur. Korrikaren amaiera beti da emozioz beterikoa, eta, azken metroak eskaintzeaz gainera, Euskal Herrian zehar eskutik eskura hainbat kilometro egin dituen lekukoak eramandako mezua ezagutuko dugu, azkenik. Aurtengo omenduei [Iparraldeko ikasleek eta gurasoek osatutako Azterketak Euskaraz taldea] eskainitako ekitaldia ere bertatik bertara jarraituko dugu. Baionara joan ezin direnendako aukera ederra da", azaldu du Txintxurreta kazetariak.
Domekan saio berezia
Domekan, hilak 24, eta behin Korrika 23 amaituta, lasterketak Debagoienean egindako kilometroak patxadaz ikusteko aukera izango da Goienan. Bizi izandako une eta tarte berezi guztiak saio bakar eta berezi batean jasoko ditu Goiena Komunikazio Taldeak. Saio hori 17:00etan eta 20:00etan emitituko dute. "Emankizun horretan jasoko ditugu Korrikak Debagoien osoan egindako kilometroak; Elosutik Elgetara eta Leintz Gatzagatik Oñatira. Kilometroz kilometroko irudiak eta lekuko aldaketa guztiak jasoko ditugu bertan".
Erreportaje berezia astekarian
Aste Santuko jaiegunen bezperan, hilaren 27an, kaleratuko du GOIENAk 1030. zenbakia. Argazki-erreportaje zabala jasoko du etxez etxe banatuko duten aldizkariak; sei orriko erreportajea, hain zuzen ere. Antolatzaileen balorazioak ere jasoko dituzte bertan.
Goiena Komunikazio Taldeak lantalde handi eta zabala prestatu du Korrikak merezi duen jarraipena izan dezan. Korrika martxan den hamar egunotan, berriz, zuzeneko seinalea egongo da une oro ikusgai Goiena.eus atarian. Errepidean lasterka, espaloian txaloka zein etxeko egongelatik hunkituta, gozatu Korrika!