Banketxeen bulegoen kopuruari dagokionez, Kutxabank da nagusi Gipuzkoan, 329 egoitzetatik 78 baitira banketxe horrenak, Espainiako Bankuak emandako azken datuen arabera, 2023a aintzat hartuz gero. Hain zuzen ere, gutxi gorabehera, hamar bulegotatik bi dira Kutxabankenak; zehazki, banketxeen egoitza guztietatik %23,7. Hurrenez hurren ditu: Laboral Kutxa, 62 bulegorekin (%18,8) eta Caixabank, 41ekin (%12,4).
Kutxabank, ordea, ez da soilik Gipuzkoan nagusi, bulego gehien dituen banketxea baita Araban eta Bizkaian ere: Araban, dauden egoitza guztietatik %33,5 dira aipaturiko entitatearenak; guztira, 51. Bizkaian, berriz, banketxeetako bulegoen artean %27 dira Kutxabankenak; orotara, 133. Hala ere, bestelakoa da Nafarroako egoera, soilik zazpi egoitza baititu, eta, horren ordez, Caixabank da nagusi: 402 bulego daude guztira Nafarroan, eta horietatik 142 (%35,3) ditu bereganatuta; ondoz ondo ditu Rural Kutxa (%34,5) eta Laboral Kutxa (%8,9).
Hego Euskal Herriko datu orokorrari dagokionez, berriz, banketxeen %80,8 bost entitateren esku dago, 2023a hizpide: Caixabank, %20,52; Kutxabank, %19,58; Rural Kutxa, %16,67; Laboral Kutxa, %14,92 eta BBVA, %9,17. 2015ean ere banketxe berdinak zeuden lehen bosten artean, baina %71,1eko nagusitasuna zuten eta Kutxabank zen nagusi.
Bulegoak, gero eta gutxiago
Hamabost urteko epean, 2008tik 2023ra bitartean, Hego Euskal Herriak banku bulegoen ia erdia galdu du: 2.673 ziren 2008an eta 1.374, berriz, iaz. Hala, 1.299 bulego gutxiago daude, eta, beraz, %48,57koa da jaitsiera.
Bilakaerari erreparatuz gero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan urtero 69 bulego gutxiago daudela ondorioztatu daiteke eta Nafarroan, berriz, 21 gutxiago. 2008tik 2023ra arteko epean, gainera, bi urte nabarmentzen dira urte bakarrean galdutako bulegoen kopuruarengatik: batetik, 2013a, krisi ekonomikoak bete-betean eragin baitzuen eta sektorea berrantolatu zen bankuen eta kutxen bat egiteekin; zehazki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 186 bulego galdu ziren eta Nafarroan 24. Bestetik, 2021a ere nabarmentzen da, COVID-19ak eragindako izurritearengatik gizartearen digitalizazioa bultzatu baitzuten banketxeek; hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 139 bulego galdu ziren eta Nafarroan, berriz, 42.
2008tik 2023ra BITARTEAN 1.299 BULEGO ITXI DITUZTE HEGO EUSKAL HERRIAN; ALEGIA, %48,57koa DA JAITSIERA
Josean Aparicio Laboral Kutxako Debagoieneko buruak azaldu duenez, adibidez, gaur egun "erabat txertatuta" dago digitalizazioa banketxeen sektorean, eta horrek bezeroei eragiketak "edozein lekutatik eta edozein momentutan" egiteko aukera ahalbideratzen die. Oro har, "ondo" egokitu direla dio: "Segmentatuz gero, gazteak izango lirateke ondoen egokitu direnak. Digitalak dira, eta oso gutxitan etortzen dira bulegora. Jende helduagoa badago zailtasunekin, baina guk gure laguntza eskaintzen diegu". Erantsi duenez, gainera, euren banketxearen kasuan behintzat, "digitalki egin daitekeen guztia egin daiteke bulego batean", online programa batzuk salbu.
Banketxeen fusioak
Banketxeek urtetan zehar izan duten bilakaerari erreparatzea ere garrantzitsua da, esate baterako, 2015ean Hego Euskal Herrian presentzia zuten hainbat banketxe desagertuta baitzeuden 2023rako, hala nola Banco Popular, Bankoa eta Bankia.
Entitateen xurgatzeengatik edo bat egiteengatik, fusioak egin dituzte hainbat banketxek urtetan, eta Espainiako Estatuan, adibidez, 47 banketxe izatetik bederatzi izatera igaro dira: Caixabank, Kutxabank, BBVA, Santander, Banco Sabadell, Bankiter, Abanca, IberCaja eta Unicaja Banco.