Karbono emisioak murrizteko lanean

Xabier Urtzelai 2024ko ots. 27a, 14:41

Eusko Jaurlaritzak klima larrialdiari aurre egiteko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea onartu berri du. 2050ean karbono emisioak zero izatea da helburua, eta lege hori akuilu lanak egitera dator. Bide horretan pausoak ematen hasita daudela erakusten duten sei proiektu bitxi batu ditu PUNTUAk.

Puntua aldizkariaren 401. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Klima aldaketaren eragina geroago eta nabarmenagoa da; gure garapen eredu ez-iraunkorraren sintoma nagusia da. Euskal Herria herrialde garatua da, eta horrek badu ordain bat. Izan ere, datuek diote munduko gainontzeko bizilagunek euskaldunok beste kutsatuko balute, bizirauteko lau planeta beharko genituzkeela. Fosilekiko dependentzia handia duen lurraldea da Euskal Herria. Bertako energia kontsumoa ere oso handia da eta kontsumitzen dugun energiaren %86 kanpotik dator. Hala, Gaindegiak emandako datuen arabera, biztanleko 8,8 tona CO2 isurtzen dira atmosferara urtean Euskal Herrian; munduko batez bestekoa halako bi. Eta gurera etorrita, Tecnaliak egindako ikerketaren arabera, Debagoienean 8,53 tonakoa da urtean. Hala, lege berria hainbat ekintza planekin dator, betebehar konkretuak ditu, eta enpresa askori azeleragailua sakatzea ekarriko die. Baina lehenagotik ere lan arloan makina bat proiektu jarri izan dute abian karbono emisioak txikitzen joateko. Eta horietako sei proiektu batu ditu PUNTUAk.

Askotarikoak, eta bitxiak

Erritmo ezberdinetan, baina enpresak hasita daude jasangarritasunaren bidean euren eraikinak eta lan egiteko moduak egokitzen: sistema fotovoltaikoak ezartzen, berokuntza sistema efizienteak jartzen, ibilgailu hibridoen aldeko hautua egiten...

Jarraian datozen proiektuak, baina, harago doaz: mugikortasun jasangarrian laguntzen dute batzuek, kontzientziazioa sustatzen dute beste batzuek, ekonomia zirkularrean oinarritutakoak daude, berriztagarrien aldeko hautua egin dute, edota horien erabilera hobetzen dutenak ere badaude, AAn edo adimen artifizialean oinarrituta. Izan ere, bistan da 2050ean karbono emisioak zero izan daitezen aldaketa handiak egin beharko direla egungo lan egiteko moduetan.

Inbertsioen beharra

Halako proiektuak gauzatzeko, baina, inbertsioak behar dira. Ikerketa eta proiektu asko laborategi mailan daude, baina horiek gero enpresek aplikatu egin behar dituzte, eta hor dago gakoa. Hain zuzen, horren adibide dira Ikerlango, CIC EnergiGUNEko eta Tecnaliako hiru proiektuak, esaterako. Ikerketa fasea gaindituta, hiruretan dabiltza enpresa mailan aplikatzeko lanean.

Hala, galdategiko hondar-hondakinak berrerabiltzeko lanean dabiltza Ederlanen, eta Ternuan arrantzaleen sareekin ehun berriak egiten dihardute. Oliba-hezurrak erabilita energia iturri berriak bilatzen dabiltza CiC EnergiGUNEn, eta lantegien CO2 emisioak gas natural bilakatzen dabiltza Tecnalian. Ikerlanen energia berriztagarriak modu efizienteagoan kudeatu nahi dituzte, eta adimen artifizialaz baliatzen dira horretarako, eta kontzientziazioarekin harreman zuzena duten proiektuetan dihardute Ekitermik kooperatiban.

EKITERMIK

Ekitaldietako karbono aztarna neurtzen

Ekitermik kooperatibako kide Xabier Lizaurrek eman ditu proiektuaren nondik norakoak: "Urtean zehar bai enpresa mailan eta baita bestelako elkarte eta eragileek antolatzen dituzten ekitaldietan zer-nolako karbono aztarna sortzen den jakitea da helburua, eta ondoren datu horiek antolatzaileen esku utzi, aurrerago etorriko diren ekitaldiei begira neurri berriak har ditzaten. Modu berean, ekitaldira bertaratu den lagunari ere esan geniezaioke zer-nolako aztarna sortu duen ekitaldi horretara joatearren: zerbitzu publikoan bertaratu bada, autoz, oinez... Hala, proiektu honek harreman zuzena du Trantsizio Legearekin, lege horrek 250 langile baino gehiagoko enpresak derrigortu egiten dituelako euren karbono aztarna zein den aztertzera, eta egitasmo hau lagungarria izan daiteke eurendako".

Kontzientziazioa helburu

Lizaurrek azaldu du zelan gauzatzen den halako azterketa bat: "Modu sinplean esanda, askotariko aldagaiak neurtzea da kontua, bakoitzari koefiziente bat aplikatuta. Ekitaldiak ze erregai kontsumo izan duen neurtzen da –eszenatokiak gasolio-sorgailu bat izan duen–; ze hondakin sortu den –plastikoa, papera...–; ze kontsumo energetiko izan duen; eta, azkenik, zeharkako aldagaiak ere neurtzen dira. Esaterako, jendea zelan bertaratu den ekitaldira. Eta aldagai bakoitzari kutsadura- koefiziente bat ezarri diogunez, sortutako karbono aztarnaren emaitza jaso genezake.

TECNALIA

Industriako CO2 kutsakorra harrapatzen

Energiaren eta ingurumenaren esparruetan egiten du lan Susana Perez kimikariak. Hala, 2020an LOWCO2 izeneko proiektuaren berri eman zuen PUNTUAn, eta, lau urte geroago, proiektu hura errealitate bilakatu da. "Helburua da enpresetako tximinietatik irteten den CO2a nolabait harrapatu eta beste erabilera bat ematea". Gaur egun, Calcinor enpresan dihardute proiektu hori gauzatzen. "Calcinorrek botatzen duen konbustio gasak CO2 du, eta hori interesatzen zaigu guri. Baina horrekin batera badaude beste gas batzuk ere kaltegarriak ez direnak. Hala, zeolitak erabilita emisio horietako CO2arekin geratzen gara, eta %99koa baino handiagoa den purutasuna lortzen dugu, eta hori bilakatzen dugu gero gas natural sintetiko. Pentsa, gas natural hori da gure etxeetako galdaretan erabiltzen duguna, baina industriatik datorren CO2tik lortu dugu".

Enpresa batzuetan badabiltza

Etxebizitzetara oraindik ez, baina Susana Perezek dio enpresa batzuetan badabiltzala horrela lanean. "Alemanian Audi etxea- eta hasita daude, eta Espainian enpresa asko daude interesatuta, baina, noski, ekonomikoki bideragarria izan behar du. Hala, batzuk hasi dira eskala txikian, eta bospasei urtera begirako aurreikuspen planetan jasota daukate. Azken batean, guk laborategiko lana egiten dugu, ondoren industrian aplikatzeko; edozelan ere, inbertsioa behar da".

IKERLAN

Energia eraginkorki kudeatzen, AAk lagunduta

Ikerlanen energia modu efizientean kudeatzeko proiektu batean dihardute lanean, eta, horretarako, adimen artifizialaz (AA) baliatzen dira. Alegia, energia horren kudeaketa optimizatzean dago proiektuaren gakoa. Haizea Gaztañagak eman ditu proiektuaren xehetasunak. "Edge cloude kontzeptua erabiltzen dugu proiektu horretan. Hau da, adimen artifiziala lainoan daukagu, batetik, eta, bestetik, baita proiektua gauzatzen gabiltzan gailu lokalean ere. Eta modu sinplean esanda, helburua da adimen artifizialaren bitartez autokontsumoko instalazio bat modu eraginkorragoan erabiltzea, eta argindarraren faktura txikitzea".

Baterien laguntzarekin

"Pentsa plaka fotovoltaikoz osatutako instalazio bat daukagula. Bada, instalazio horri bateria bat gehitzen diogu sistema gehiago optimizatu ahal izateko. Bateria horrekin kontsumitzen gabiltzana baino energia gehiago lortzen badugu, energia hori gordetzeko aukera izango dugu, eta geroago erabili. Izan ere, gaur egun panel fotovoltaikoekin energia lortzen dugu eguzkia dagoenean, eta energia hori momentuan erabiltzen ez badugu sarera iraultzen dugu, baina ez dugu guk aprobetxatzen".

Aurreikuspenetan oinarrituta

Proiektu horren funtsa, baina, bateria horien erabilpena modu eraginkorrean egitean dago, eta hor sartzen da adimen artifiziala. "EMSk edo Energia Kudeaketa Sistemak egiten du hori; alegia, hark erabakitzen du noiz erabili behar dugun gure baterietan gordeta daukagun argindarra, noiz plaka fotovoltaikotik zuzen datorrena, eta noiz erosi behar dugun energia kanpotik. Hala, sistema horrek algoritmoekin egiten du lan, eta sistema entrenatu egin behar da lehenago: erabakiak lainoan hartzen dira, baina gero, sistema dagoen lekuan ere bigarren erabaki gune bat dago, zuzenketak egin ditzakeena; unean uneko eguraldiaren araberakoak, esaterako. Eta erabakiak hartzeko, sistemak kontuan hartzen ditu eguraldi iragarpenen datu historikoak, gure plaketatik zenbat energia lortuko dugun, une bakoitzean ze energia beharko dugun, edota argindarra hurrengo egunean ze preziotan egongo den".

Lainoan dagoen sistemak egun bat lehenago erabakitzen du bateriak hurrengo egunean zelan funtzionatuko duen, eta, horregatik, instalazioen ondoan dagoen bigarren kontrol-gunea garrantzitsua da. "Posible da-eta lainoan egin diren aurreikuspenak ez izatea onenak, azken orduko batengatik aurreikusitakoa baino energia gehiago behar izatea... Eta zuzenketa horiek tokian bertan egongo den kontrol-guneak egingo ditu. Eta horrela lortzen dugu gure sistemaren erabilera eraginkorragoa egitea, eta argindarraren faktura txikitzea".

CIC ENERGIGUNE

Oliba-hezurrak, energia iturri

CIC EnergiGUNE ikerketa-gunean dihardu lanean Jon Ajuriak. Hala, ikertzaile arrasatearrak esku artean dituen proiektuen artean badago bat bitxia dena: superkondentsadore hibridoen teknologiaren garapenean oinarritzen da eta oliba-hezurrekin egiten dute lan. "Oliba-hezurra birziklatuz ezaugarri fisiko-kimikoak dituzten ikatzak sortzen ditugu elektrodo gisa erabiltzeko. Elektrodo horiek konbinatuz, gai izan gara iraupen luzeko eta energia eta potentzia handiak dituzten laborategi mailako gailu hibridoak fabrikatzeko". Proiektua ze fasetan dagoen azaldu du arrasatearrak. "Material horiekin garatutako teknologia sortu genuen eta patentatuta daukagu, eta orain egin duguna da teknologia hori gauzatu dezaketen Europako erreferentziazko unibertsitate eta enpresak batu. Guk kontzeptua daukagu, baina proiektu konplexu hori garatzeko arlo askotariko jakintzak bateratu ditugu. Europar Batasunak finantziatutako MUSIC proiektuarekin egin dugu hori (Materials for Sustainable Sodium Ion Capacitors)".

Zertarako erabil daitekeen

Teknologia hori non erabil daitekeen ere zehaztu dute: "Hidrogenozko trenetan oso erabilgarria izan daiteke, eta Talgo proiektuan dago. Beste erabilera bat energia berriztagarrietan dago, teknologia horrek energiaren ekoizpena gizartearen kontsumoarekin parekatzea ahalbidetzen baitu".

FAGOR EDERLAN

Hondar-hondakinak aztertzen

Fagor Ederlango burdina- galdategietan, bertako ekoizpen prozesuetan sorturiko hondar- soberakinen balizko erabilerak aztertzen dabiltza. Helburu nagusia hondar-soberakin horiek barne erabilerara bideratzea da. Fagor Ederlan ez dabil zeregin horretan bakarrik: Azterlan metalurgia ikerketa zentroarekin eta Betsaide eta Metal Smelting burdina-galdategiekin batera dihardute lanean. Hala, 2022tik dihardute hondakin den hondarra berreskuratzerako teknologia eta prozesu eraginkorrenen bila. Jasangarritasun arduradun Iker Akizuk eman ditu xehetasunak: "Galdategiko arrak egiteko, kanpoan erositako silize-harea garbia erabiltzen dugu. Arra, behin erabili ondoren, moldeaketako harearekin nahasten da zirkuitu itxi batean, eta, ondorioz, hondar soberakinak izaten ditugu. Soberakin hori zabortegietara bideratua izan da historikoki, eta azken urteetan zementu fabriken lehengai modura ere bideratzen hasita gaude. Halere, helburu nagusia gure soberakin horiek ostera ere harea erabilgarri bilakatzea da".

Ekonomia zirkularra

Sorturiko hondakina ostera ere erabilgarri bilakatzean dago zailtasuna: "Fundizioan erabili eta gero, silize-hareak aglomeratzaileak izaten ditu itsatsita. Harea-aleak "garbitu" eta berriz arrak egiteko modukoa bilakatzea da proiektuaren helburua. Hartara, hondar soberakinaren %60 berrerabiltzea da helburua".

TERNUA

Hamarkada bat arrantza-sareak erabiltzen

Ternua etxea 2015ean hasi zen Redcycle proiektuarekin lanean, eta hamarkada batean egitasmoak aurrerapauso handiak egin ditu, Ternuako berritasun eta jasangarritasun zuzendari Edu Uribesalgok azaldu duenez: "Redcycle baztertutako arrantza- sareak bildu eta birziklatzeko proiektua da, eta sare horiek ostera ere jantzi jasangarri bihurtzen ditugu. Atzera begiratuta, jabetzen gara orduan ez geneukala oso garbi zelan egin behar genuen lan. Baina zerbait egiteko gogoz geunden, arazo konkretu bati konponbide bat eman nahi genion, eta arrantza egiteko hamabi tona sare batuta bi oihal mota egiteko kapaz izan ginen. Eta lortutako ehun berriekin lau arropa-modelo egin genituen".

Geroago eta modelo

gehiago Bederatzi urte hauetan gauzak dezente aldatu dira, eta prozesua fintzen joan dira. "Ikasi dugu beste produktu batzuk egiten, eta gaur egun Ternuan hogei modelo baino gehiago ditugu birziklatutako arrantza-sareekin eginda, eta asmoa da geroago eta produktu gehiago ekoiztea. Gainera, arropa ona da, teknikoa; besteak beste, eskiatzaile profesionalek mendian erabiltzen dutena. Eta euskal selekzioko eta Madrilgo selekzioko ordezkariak material hori dabiltza erabiltzen. Horrek erakusten du hondakinetatik posible dela ostera ere maila oso oneko materiala lortzea".

Hala, duela hamarkada bat, sare horiek batzeko Ternuak Bermeoko, Getariako eta Hondarribiko kofradietan batzen zituen sareak. "Baina gaur egun ditugun modelo guztietan ez ditugu euskal arrantzaleen sareak soilik erabiltzen. Egun, nazioartean ere batzen ditugu sareak, Europa osoan eta baita Asian ere baliagarriak ez diren sareak batzen ditugu arropak egiteko".

2021ean, atunariekin

Duela hiru urte, beste proiektu batean murgildu ziren Ternuako lagunak, Euskal Herriko atunariekin. "Bermeon dagoen Echebastar enpresarekin hasi ginen lanean. Bi tona sare batu genituen, ikusteko ea posible ote zen Bermeon enpresa bat sortu eta arrantza-sareak bertan kudeatzeko, sare horiei berriz balioa emateko. Baina ez ehunak egiteko soilik; sare horiek erabilita bestelako produktuak ekoiztea zen helburua. Arrantzaleek sortutako hondakinak erabiliz eurendako arropak egin ditugu, arrantzarako buzoak, eta eguzkitako betaurrekoak ere egin ditugu. Ikusi dugu ehungintzan bakarrik ez, bestelako arloetan ere posible dela produktuak egitea".

Publikoak, harrera ona

Ternuan bestelako proiektuetan ere badihardute lanean: ardi- artilearekin eta itsasoko plastikoekin arropak egiten, intxaur-oskolekin tindagai naturalak eskuratzen... "Material horiek aprobetxatzeko lanean dihardugu, eta ikusi dugu bezeroek eskertzen dutela ahalegina, balioa ematen diete produktu horiei. Gainera, Ternuaren merkatua mendia da, eta horko publikoak ingurugiroarekiko sentsibilizazio handiagoa du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak