Hainbat hilabetez sareetan edukiak partekatzen ibili ostean, atzo erakutsi zuten jendaurrean Matx kirol-proiektua. Edukiez harago, gertuko kirolariak, kirolzaleak eta klubak batu nahi dituen egitasmoa da. Eta horren erakusle izan zen Tabakaleran egindako agerraldi publikoa; izan ere, kiroleko eragile ugari elkartu zituen deialdiak. Proiektuko arduradunez gain, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak, Laboral Kutxako ordezkariak eta, besteak beste, lurraldeko federazio, klub eta kirolari ugari batu ziren han.
Hiru ardatz nagusi
Guztiaren erdigunean aplikazio bat badago ere, Matx "hori baino askoz gehiago" izango dela esan zuten arduradunek. Proiektua hiru zutabe nagusitan banatuko da: klubak, kirol-edukiak eta komunitatea.
Joane Korta, Tokikomeko proiektu-kudeatzailea, kirol-kluben garrantziaz mintzatu zen: "Gertuko klubak oso garrantzitsuak dira guretzat, aplikazioa sortu eta berau garatzeko fasean ezinbestekoak izan baitira". Besteak beste, digitalizazioan eta komunikazioan lagunduko die Matx-ek klubei, taldeetako datu baseak osatu, antolatu eta elkarren artean mezuak modu seguruan trukatzeko aukera eskainiko baitie. Era berean, kirol-datutegi indartsua ere izango da Matx. "Bakoitzaren interesen araberako emaitzak, partiden datak eta sailkapenak emango ditu une oro", gaineratu zuen Kortak.
Kirol-edukiak ere oso garrantzitsuak izango dira Matx -en. Gertuko kirolean gertatzen denaren berri emango du, ikuspegi fresko eta berritzailearekin. Eduki guztiak formatu bertikalean eta mugikorrean kontsumitzeko modukoak izango dira, eta albisteak, elkarrizketak, desafioak eta kirol-agenda kontsultatzeko aukera eskainiko die erabiltzaileei. Alde horretatik, hasieratik ikus-entzunezkoen aldeko apustu garbia egin dutela esan zuen Aratz Losadak, proiektuko eduki arduradunak: "Gazteak izango dira gure xede-talde nagusia. Merkatua eta kontsumo ohiturak ondo aztertu ostean, garbi izan dugu eduki bertikal eta dinamikoen aldeko apustua egin behar genuela". Horiek sortzeko, erredakzio propio bat osatu dute TOKIKOMeko Gipuzkoako hedabideekin.
Taularatzen azkena proiektuko marketin eta komunikazio arduraduna izan zen. Maria Balzategik Matx-en komunitateaz hitz egin zuen, eta, bereziki, interakzioaz eta sare sozialen amuaz jardun zuen berbaldian. "Kirol-komunitate bat sortu nahi dugu. Kirolariek, klubek eta kirolzaleek, guztiek izango dute lekua aplikazioan. Euren artean komunikatu, argazkiak edo bideoak partekatu, albisteak sortu… Azken finean, interes antzekoak dituztenen arteko interakzioa bilatu nahi dugu", esan zuen. Aplikazioa izango da proiektuaren erdigune eta bertan ikusi ahal izango dira eduki guztiak, baina sare sozialen erabilera ere estrategikoa izango da.
Hedatzeko asmoa
Aurrez esan bezala, Tokikomeko Gipuzkoako hainbat bazkideren babesarekin abiatu da proiektua –Antxeta Irratia, Barren, UKT, Goiena Goierri Telebista, Pil-Pilean, 28 Kanala, Ataria eta Aiurri–, baina hura landu eta egonkortzearekin batera, gainontzeko bazkide eta lurraldeetara hedatzeko asmoa daukatela esan zuten.
Sorburuan tokiko hedabideak egonik ere, Matx-en atzean kirolariak eta kirolzaleak ere badaudela gaineratu zuten arduradunek: "Klubekin batera landu dugu proiektua, eta aurrerantzean ere eskutik joango gara zero kilometroko hedabideak eta tokian tokiko klubak".
Agintariak, pozik
"Matx proiektuaren bidez kirola baliatu nahi izan dugu gazteen arteko euskararen erabilera sustatzeko tresna gisa. Benetako helburua gazteek euskara gozamenarekin eta bizipen positiboekin lotzea da", azaldu uen aurkezpenean Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari den Esti Alkortak.
Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, kirolak gizarteari egiten dion ekarpenari egin zion erreferentzia:"Gizarte kohesionatu eta aurreratu bat eraikitzeko tresna baliotsua da kirola eta Matx-ek izugarrizko potentziala du alor horretan ere. Izan ere, Gipuzkoan kirolaren inguruan mugitzen diren kirolari, guraso eta boluntarioak komunitate erreal bateko kide zarete. Teknologia berrien bidez harreman horiek indartzea bilatzen du Matx-ek eta hori oso garrantzitsua da Gipuzkoa komunitate gisa indartzen jarraitzeko".
Doako aplikazioa
Matx doako aplikazioa da. IOS eta Android plataformetan bilatu, deskargatu eta erregistratu besterik ez da egin behar erabiltzen hasteko.
Tokikom euskarazko hedabideen sareak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak elkarlanean pentsatu eta landu dute egitasmoa, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Gipuzkoako futbol eta eskubaloi federazioen babesa izan du.