Garazi Iglesiasek eta Liher Egurenek hartu dute hitza gaur Debagoieneko Ernaik egin duen prentsaurrekoan Debagoieneko garraio publikoaren egoera salatzeko. Bailarako herrietako Ernaiko taldeetan garraio publikoaren gaia lantzen aritu ostean, jabetu dira "bailarako zerbitzuaren egoera tamalgarria" dela eta, horren aurrean, konponbide batzuk egitea eskatu dute: "Garraio publiko duin batek, garraio sistema herritarron mesedetara egotea eskatzen du. Horregatik, puntualtasunean, konexio hobeak izango dituen eredu batean, guztiontzako irisgarria izango den eredu batean eta segurtasunean oinarrituko den garraio sistema publikoa beharrezkoa dela deritzogu".
Aldarrikapen horiek egiteaz gain, garraio publikoaren prezioa eta enpresa pribatuek duten esku-hartzea ere salatu gura izan dute: "Bestalde, egun ezagutzen dugun garraio sistema oso garestia da, prezioak neurrigabeak dira. Herritarrok ditugun beharrei erantzutetik urrun, doakoa bilakatzeko urratsak egin behar direla uste dugu. Honek, guztiz publifikatua egotea eskatzen du, hau da enprensa pribatuek duten esku-hartzearekin amaitu beharra dago".
Prentsaurrekoa Garraio publiko duina dinamikaren hasiera izan da, eta datozen egun eta asteetan "zerbitzu duin baten alde" egiten duten beste zenbait ekintza burutuko dituzte.