Debagoieneko EH Bilduk prentsa agerraldia egin du gaur Arrasaten Debagoiena Geuretik Loratzen egitasmoa aurkezteko: "Dinamika honen helburua da bailaran martxan dauden edo datozen urtetan abiarazi nahi diren proiektu eraldatzaileak ezagutaraztea. Horiek ezagutarazteko, hitzaldi eta irteerak antolatuko ditugu. Hala, hiru hilean behin irteera edo lanketa bat egingo dugu. Trantsizio sozio-ekologikoa, zaintza eta elikadura burujabetza izango dira dinamika honen baitan landuko ditugun gaietako batzuk".
Oñatira, burujabetza energetikoan sakontzera
Lehen hitzorduan energia eta burujabetzaren inguruan jarduteko aukera izango da otsailaren 24an, zapatua, Oñatin: "Oñatin, alor horretan martxan ditugun proiektuen inguruan gehiago jakiteko aukera izango dugu: ur-jauzietara bisita egingo dugu eta Onaro proiektua ezagutu. Uste dugu dinamika honek aukera emango digula, besteak beste, bailara gisa indartzeko, herrien arteko sinergiak sortzeko eta esperientziak konpartitzeko. Honez gain, baita gai ezberdinekin interesa dugun herritarrok elkar ezagutzeko eta hartu emanak izateko. Hein batean, garenetik ikasiz, etorkizuna eraldatzea da asmoa. Geuretik loratzea. Beraz, hitzaldi-txango hauetara interesa duen herritar orori parte hartzeko deia egiten diogu".