2023ko Lauaxeta olerki lehiaketako lehenengo saria eskuratu du Maite Toledo antzuolarrak. Berria egunkarian irakurritako iragarki bati esker izan zuen sariketaren berri, olerki batzuk orrazten ari zela, eta une egokia iruditu zitzaion urtetan eginiko lana aurkezteko. "Esteban Urkiaga Lauaxeta-ren olerkigintzako hitz bat edo olerki bat hartzen dute abiapuntutzat, eta aurtengo gaia Badakit zen. Banuen hitz horrekin ondo egokitzen zen olerki sorta bat edo olerki bilduma handiago bateko pasarte bat, eta bidaltzea pentsatu nuen".
Aurrez hasitako lan bat egokitu zuen, beraz, Toledok, Lauaxeta olerki lehiaketan parte hartzeko, ondutako lanean zer kontatzen duen azaltzea sarritan zaila iruditzen bazaio ere. "Beti dago estetika bat olerkigintzan, saiatzen naiz hitzekin edertasuna sortzen; tira, ez beti edertasuna, baina, esandako moduan, bai estetika bat. Eta gero beti dago galdera batzuei erantzuna topatu nahia. Batzuetan, galdera existentzialak dira, norbere buruarekin lotura dutenak; beste batzuetan, kolektiboarekin edo inguratzen gaituen kolektibo horrekin lotura dutenak. Bada saiakera bat inguru horrekin konektatzekoa eta deskonektatzekoa ere".
Literaturan aspalditik
Hamaseigarren aldia izan du 2023an lehiaketak, baina lehenengo aldiz aurkeztu da Toledo. Hala ere, literaturarekin harreman estua izan du urtetan, olerkiak ez ezik, beste testu mota batzuk ere idatzi izan baititu; baita argitaratu ere. "Beti izaten ditut gauzak eskuartean: batzuetan, aparkatuta; beste batzuetan, jardunean. Momentu honetan, badut Hemen izena duen liburu bat, eta frantsesera eta ingelesera itzuli dituzte; laster izango da formatu digitalean ere Etxepare Euskal Institutuak duen plataforma batean".
Horrez gain, agian, izango da Lauaxeta olerki lehiaketara aurkeztutako lana irakurtzeko aukera ere, Toledoren egile eskubideak aintzat hartuta, Mungiako Udalak argitaratzeko aukera baitu, bera baita antolatzailea.