Idoia Etxeberria oñatiarrak irabazi du Karmele Igartua sorkuntza lehiaketa

Mirari Altube Arrese 2024ko urt. 3a, 15:54

Karmele Igartua sorkuntza lehiaketaren 13. aldiko sariak banatu dituzte Bergarako Idazle Eskolak eta Aretxabaletako Udalak abenduaren 30arekin batera. Ikasleendako antzezlanak eskatu dituzte aurtengoan, eta Idoia Etxeberriak idatzitako Arraroa da normalena lanak jaso du sari nagusia, 2.500 euro. Aipamen berezia, ostera, Goizeder Iturain zumaiarrarentzat izan da Argi ilunak lanagatik.

Ekitaldi xumea baina goxoa egin dute beste urte batez, Karmele Igartua poeta eta idazle aretxabaletarra gogoan, haren izena daraman 2023ko lehiaketako saria banatzeko.

Ikasleei bideratutako antzezlanak eskatuta, sei lan jaso dituzte; epaimahaiko kideen esanetan "maila handiko" lanak guztiak ere eta pozik agertu dira horregatik. Guztien artetik, baina, bi nabarmendu direla adierazi du epaimahaiko kide Pako Aristi idazleak, eta bi horien artetik Idoia Etxeberria idazle eta kazetari oñatiarrak idatzitako Arraroa da normalena lanak jaso du sari nagusia.

Idoia Etxeberria saritutako lanaren pasarte bat irakurtzen.

Zortzi zomorroren bereziren abenturekin osatu du lana Etxeberriak: "Armiarma zuri bat, hegorik gabeko euli bat, matxinsalto hanka-oker bat... dira protagonista. Eta azkenean, duten berezitasun hori da normalena antzezlan honetan". Oso pozik agertu da sariarekin; izan ere, umeendako idatzitako lehen lana izan da harendako, nahiz eta beste estilo batzuetan hainbat sari jasotakoa izan.

Goizeder Iturain, Idazle Eskolako Itziar Gomezen laguntzarekin, Argi ilunak lanaren pasarte bat irakurtzen.

Goizeder Iturain ere pozik zen bukaeran, aipamen bereziarekin. "Orain dela zazpi urte irabazi nuen sariketa hau eta nire ibilbidea hortxe hasi zen, hortaz, oso berezia da niretzat". Argi ilunak lanean jaso du mutiko batek galdera bati erantzuteko egiten duen ahalegina hainbat pertsonari galdetuta: "Galdera berak milaka erantzun jaso ditzakeela ikusiko du eta guztiak egokiak".

Sarituak izan diren idazleek zein Idazle Eskolako kideek ikastetxeak gonbidatu dituzte lanak oholtzara eramatera: "Ia Aretxabaletan bertan animatzen diren horretara eta hala bizitza eman lanei". Dena den, lanak eskuragai izango dira www.idazten.com atarian eta edonork erabili ahal izango dituela jakinarazi dute.

Ekitaldia borobildu dute Igartuaren hainbat poesia irakurrita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak