Gurutze Gorria: 40 urte Debagoienean

Oihana Elortza Gorostiza 2023ko abe. 19a, 14:32

Mendian egindako erreskate bat, 2022an.

Errepideetako auto istripuetan laguntzeko beharra zegoelako sortu zen, eta gizarteak dituen beharrak betetzen saiatzen da ordutik bailarako boluntario talde handi bat. Kaminoetan ez, baina bestelako sorospenak eta erreskateak egiten jarraitzen du; baita familia zaurgarriei edo adinekoei laguntzen ere.

Puntua aldizkariaren 392. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Duela 40 urte, 1983ko abenduaren 3an, egin zuen lehen guardia Debagoieneko Gurutze Gorriak. Arrasateko eskualdeko ospitaleko larrialdi eremuan zegoela gela txiki batean egin zuten –duela gutxi botatakoa–, gauez. Zaintza haren ostean gehiago etorri ziren eta egoitza baten beharra ikusi zuten. Elorregiko egungo egoitza konpontzen hasi ziren handik gutxira, itxita zegoen eraikina lanerako prestatzen, eta, handik sei hilabetera, 1984ko uztailaren 14an inauguratu zuten. Gizartearen beharrak betetzen dituzte Gurutze Gorriko boluntarioek eta lehen guardiak orduko behar bati erantzuteko egin zituzten: errepideetako auto istripuetan laguntza emateko. Horixe izan zen Debagoieneko Gurutze Gorriaren hasiera. Gipuzkoakoa 1870ean sortu zen eta hemen eman zituen lehen zerbitzuak III. Karlistaldian izan ziren.

Lehen formakuntza-saioak

Javi Igartua (Oñati, 1962) da lehen guardia hura egin zuen boluntarioetako bat. "Urtebete aurretik, 1982ko abenduan, egin ziren lehen bilerak Besaiden, eta aurrera egin zuen larrialdietan laguntzeko talde bat sortzeko ideiak. Garai hartan, bi ibilgailuren arteko talka bat izaten zenean, adibidez, bertatik pasatzen zen lehen gidariak, herritarrak, artatzen zituen zaurituak; hark autoan eramaten zituen, adibidez, ospitalera. Zauritu haiei istripua izan zen tokian bertan laguntza emateko beharra zegoela ikusi zen gizartean, horretarako prestatutako jendeak eraman zitzan ospitalera edo tokian bertan artatu. 1983an zehar formakuntza jaso genuen hainbat boluntariok lan hori egin ahal izateko, duela 40 urteko lehen guardia hura eta ondorengo denak egin ahal izateko". Egun, Debagoieneko Gurutze Gorriko presidentea eta boluntarioa da.

Sasoi hartako behar hura identifikatuta, hari erantzuna emateko prest zeuden bailarako hainbat lagun. Hasierako zalantza, baina, DYA edo Gurutze Gorria, bietako zein zerbitzu jarri izan zen. "Gurutze Gorriaren alde egin genuen, eta horren arrazoi nagusia soldaduska izan zen. Zerbitzu militarra Gurutze Gorrian egitea erabakitzen zuten batzuk. Modu horretara, aste barruko txandak betetzea errazagoa zen. Soldaduskara joan ordez kontzientzia- eragozle izatea erabakitzen zuenak ere aukera izan zuen gerora prestazioa hemen egiteko. Azken urteetan, aukera bietakoak elkartu ziren zenbaitetan".

Pezeta baten truke

Mikel Garagorri bergararra izan zen lehen boluntario talde hartako presidentea eta hura jarri zen harremanetan Arrasateko Union Cerrajerarekin, enpresa hark Elorregin zuen zentral elektriko zaharra bailarako Gurutze Gorriko egoitza bihurtzeko. Igeltsero, iturgin, arotz eta elektrizitate lanak egin zituzten makina bat boluntariok asteburuetan, hori horrela izateko. "Ez diogu inoiz behar beste eskertuko Union Cerrajerari etxe hori lagatzea; gaur egun ere gure egoitza izaten jarraitzen du", dio Oñatiko Migel Angel Guridik, hasierako boluntarioak. Eraikina euren beharretara egokitzeko lanetan ibili zen Jon Anduaga herrikideak gogoa du oraindik orduko auzotasun giroa: "Memorian oso gogoan dugu bizilagunek Elorregin instalatzeko emandako laguntza guztia. Gaur, laguntza eta hurbiltasun harreman bera izaten jarraitzen dugu".

Aloñan dago komunikazio-sarea ahalbidetzen duen antena

Elorregiko egoitza inauguratu zuten urte berean, 1984an, Gurutze Gorriak antena propioa jarri zuen Aloñako gailurrean, Segura Irratiarenaren ondoan eta hari esanda, Debagoieneko eta Gipuzkoako zentralaren arteko komunikazio-sarea lotzeko.



Irrati bidezko komunikazio-sare analogikoa erabili izan du beti Gurutze Gorriak, telefonia mugikorra heldu arte. "2004ko Madrilgo atentatuetan, M11n, telefonia antena guztiak saturatu egin ziren eta larrialdietako taldeak ez ziren komunikatu; betiko irrati-sarea erabili behar izan zuten. Harrezkero, Gurutze Gorriaren sare hori mantentzea derrigorrezkoa da", dio Igartuak. Oñatin, Udanako auto igoera batean ere pasa zitzaien eskuko telefonoen seinaleak gainezka egin eta ezin erabili izana: "Antolatzaileek guri esan ziguten irteerako eta helmugako abisuak esateko, gure bitartez komunikatzeko". Antenarekin batera, eolikoa eta ekipo elektrogenoa ere badute Aloñan. Mantentzea behar dute, eta tarteka, baita elurra edo izotza egiten duenean, tontorreraino joaten dira eskualdeko hainbat boluntario Gurutze Gorriko ibilgailuetan, ikustera.

Urtean pezeta bat ordaintzen zion alokairua Gurutze Gorriak Union Cerrajerari. Egoera ekonomikoa aldatu eta krisia etorri zenean, enkantera atera zituen lursailak eta eraikina, eta Arrasateko abokatu batek erosi. Gurutze Gorriak 2014an erosi zizkien Elorregiko eraikina eta ondoko lurrak abokatu haren oinordekoei, 2013an Gipuzkoako Aldundiak parean egin zituen obrak bukatu eta urtebetera.

Errepideetako istripuak utzi

Debagoieneko Gurutze Gorriak hamasei plaza eskaini zituen urtero soldaduskaren ordezkapen zerbitzua egiteko; 2001era arte, derrigorrezko soldaduska desagertu zen arte. Iban Yarza arrasatearrak, esaterako, egoera hartan ezagutu zuen elkarte horrek egiten duen lana, eta ordutik harremana mantentzen du eta laguntzen jarraitu; larrialdiei erantzuteko ERIE taldeko boluntarioa da egun, Larrialdiei Berehalako Erantzun Taldekoa.

1983 eta 2015eko irailaren 1era arte, Gurutze Gorria izan da Debagoienean mota guztietako istripuen aurrean erantzun duena. 1999tik aurrera, zerbitzu hori Larrialdietako Osasun Garraioaren Sarean (RTSU) sartu zen. Egun, meteorologia agentziaren, babes zibilaren eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailaren beharrei erantzuten die larrialdietako sorospen talde horrek.

Gizarte mailako lanak gehitu

Gizartearen beharrak asetzea, horietan laguntza eskaintzea, izan da Gurutze Gorriaren helburua hasieratik, eta, hori horrela, aldatzen joan dira haren zerbitzuak. Esaterako, 1997an, esku-hartze sozialeko lehen proiektua abiarazi zuen bailaran: elikagaien banaketa. Ia hamar urtez, 2006ra arte, jarraitu zuen laguntza hori ematen, Gipuzkoako Elikagai Bankuak bere gain hartu zuen arte.

2005ean, berriz, familia zaurgarriei jostailuak banatzeko kanpaina jarri zuen martxan. Oraindik batzen dituzte abenduan jostailuak umeendako; 26 bat boluntario daude taldean eta eskualdeko 250 ume baino gehiagori banatzen dizkiete. Gaztetxoei errefortzu akademikoa eta garapen pertsonala eskaintzen dien Eskola Arrakasta programa, berriz, 2018tik ematen dute. Ordutik hona, 20 haurrek hartu dute parte laguntza saio horietan eta 200 umetik gorak jasotzen dute eskolako materiala ikasturte hasieran. COVID garaian ere egoera ahulenean zeuden herritarren oinarrizko beharrei erantzuten saiatu zen.

Oiz eta La Palma

Eskualdetik kanpo ere egin du inoiz lan Debagoieneko Gurutze Gorriak. Aipagarrienetako bat, akaso, 1985eko otsailaren 19an Oiz mendian (Bizkaia) izandako hegazkin istripua. Tokian bertan izan ziren hemengo boluntario batzuk, eta Ermuko kiroldegian beste batzuk, mantak, jatekoa eta edatekoa banatzen. Eskualdeen arteko kooperazio berriena, berriz, La Palmako (Kanariar Uharteak) sumendiaren erupzioan izan zen, 2021eko irailaren 19tik abenduaren 13ra.

Marta Usabiaga: "Lehen asistentzia guk ematen diegu"

Duela hiru urtetik hona da Gurutze Gorriko boluntarioa Eskoriatzan bizi den Marta Usabiaga (Errenteria, 1971). Osasunari eta gizarteratzeari buruzko arloetan dihardu. "Adibidez, 80 urte inguru dituzten lau erabiltzaile ditugu bailaran bakarrik bizi direnak eta artatuak izateko beharra dutenak. Hilean behin joaten gara eurengana eta sekulako poztasuna hartzen dute".

Kanpotik gurera bizitzera datozenekin ere egiten du lan Usabiagak. "Egia da administrazioek laguntza batzuk bideratzen dizkietela, baina hori horrela dela eta nola eta non egin behar duten jakin arte, ez dute batere laguntzarik. Laguntza horren falta nabaria da familia zaurgarrietan, eta beharrezkoa duten lehen asistentzia hori guk ematen diegu". Bestalde, Arrasateko egoitzako egoiliarrekin irteerak ere egin ohi dituzte eta hauteskundeetan ere laguntzen diete herritarrei euren botoa dagokien hauteslekuan ematen.

Teknologian laguntzen

Beharrei egokitzeko funtzio horretan, teknologian ere jarrita dute arreta. "Saiatzen gara eskuko telefonoak eta tabletak erabiltzen erakusten. Argazkiak atera eta bidaltzen edo beharrezkoa duten informazioa bilatzen, adibidez". Teknologiari lotuta, Alexa moduko laguntzaile bat lantzen ari da Gurutze Gorria, beharra duten herritarrei laguntzeko prestatuta egongo dena: "Erabilgarria izango da".

Daniel Otero: "Lana aztertuta joaten gara irteeretara"

Larrialdiei erantzuteko eta salbamenduko taldean dabil Arrasaten bizi den Daniel Otero (Gasteiz, 1981). Duela bi urte sartu zen Debagoieneko Gurutze Gorrian, baina aurretik ere ibilitakoa da Gipuzkoa mailan. "Arlo edo egoera ezberdinak betetzen ditu gure taldeak. Izan daiteke, adibidez, Aloñako Igoeran, Zegama- Aizkorrin, Arrasate-Udalatxen eta halako mendi lasterketetan egotea, zerbitzu prebentiboa eskaintzen, edozein larrialdi gertatuz gero profesionaltasunez jokatzeko gertu. Edo baita, esate baterako, elurragatik etxetik atera ezin dutenei janaria eramatea ere".

Egin beharreko lana ikusita, boluntarioen taldean mezua bidali eta libre daudenen artean osatzen dute taldea. Ondo prestatzen dute irteera abiatu aurretik: "Mendiko lanetan, ondo aztertu behar da ibilbidea, ibilgailuak noraino joan daitezkeen ikusi... Sekulako taldea dugu. Badago jendea ondo gidatzen dakiena, koordenadak ulertzeko eta azaltzeko denbora hartzen duena, logistikaz arduratzen dena... Nork bere abileziak erakusten eta baliatzen ditu".

Formakuntza eta prestakuntza

Prest egoteko, une oro izaten dituzte formakuntza-eskolak edo prestaketa-saioak. Esaterako, mendi irteerak egiten dituzte orientazioa lantzeko. "Erabakiak hartzen jakiteko ere balio izaten dute saio horiek, horrelako egoerak ere gertatzen zaizkigu eta".

Elena Ibarrondo: "Ezberdintasunak arintzen saiatzen gara"

Gabonetako jostailuen bilketaz, eskolako errefortzuak eskaintzeaz eta eskolako materiala banatzeaz arduratzen den taldean ari da boluntario lanak egiten Elena Ibarrondo (Oñati, 1962), duela 38 urtetik hona. Beste umeekiko edo gaztetxoekiko ezberdintasunak arintzen eta hain nabarmenak ez izaten saiatzen direla dio: "Denoi gustatzen zaigu opariren bat izatea Gabonetan, eta abenduan egin ohi dugun jostailu bilketa kanpainaren helburua horixe da, erosi ezin duten horiek ere opari bat izatea". Eskola egun batez egiten dute jostailuen banaketa, Lehen Hezkuntzako seigarren mailara arteko ikasleen artean, eurak eskolan direla; familiak joaten dira Elorregiko egoitzara jostailuak jasotzera, gero eurek etxean umeei emateko.

Eskolak eta motxilak

Eskola arrakasta izeneko programarekin, berriz, ikasturte hasieran eskolako materiala banatzen diete horren beharra duten gaztetxoei: motxilak, karpetak, arkatzak, koadernoak, margoak... "Gaztetxo bati entzutea jaso duen materiala zenbat gustatu zaion eta pozik ikustea... bete egiten zaitu horrek".

Horrez gain, eskola errefortzuak ere ematen dituzte: "Bailara osoan aurkeztu genuen programa hori, Mankomunitatearen bitartez, eta Bergarako Udalak bakarrik erantzun zigun baiezkoa. Egun, hango udal gizarte zerbitzuekin egiten dugu lan zerbitzu hori eskaintzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak