Irun (Gipuzkoa) eta Baiona lotuko ditu hurrengo urtean Korrikak, martxoaren 14tik 24ra bitartean. "Aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro Korrikan", adierazi du Aitziber Balantzategi AEK-ko Artezkaritza-Kontseiluaren lehendakariak eta Korrika batzordeko kideak. "Herri aldarri eta tinkoa" izan nahi du Korrikak, baina Balantzategik azpimarratu du harrotasun hori ezin daitekeela konformismoarekin nahasi. Era berean, erakundeek euskararen normalizazioan izan beharko luketen ardura izan du gogoan: "Herritarren ahaleginaz batera, hizkuntza-politika ausartagoa eta inbertsioak egin behar dituzue".
Azterketak Euskaraz
Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko dute aurten. Frantziako Estatuko hizkuntza-legeari aurre eginda baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen du. "Gazte hauek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun", azaldu du Ane Elordi Korrikako koordinatzaileak. Beraz, omenaldia haiei egiteko hautua egin dute, egoera ezagutzera emateko "bozgorailu" izateko aukera izan daitekeela nabarmenduta.