EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin ditu Udal Legea garatzeko hainbat artikulu

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 17a, 14:54

Euskararen aurkako oldarraldia salatzeko elkarretaratze bat, maiatzean, Arrasaten.

Euskalgintzaren Kontseiluak "oso larritzat" jo du epaia, udaletan euskararen sustapen eta normalizazioaren aldeko politikak "baliogabetzen" dituelako. Eusko Jaurlaritzak ez du helegitea jartzea baztertu.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2016ko udal legearen 9.2, 11.1 eta 12 artikuluak, eta 18, 24, 27 eta 36 artikuluetako zenbait eduki, Vox-ek 2020ko urtarrilean jarritako helegite batengatik. Hala ere, epaia ez da irmoa, Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztu baitezake; are gehiago, horretarako aukera dago. Izan ere, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du argudio "nahikoa" daudela hori egiteko. Haren esanetan, "adostasun zabal batekin" onartu zen udal legea, eta uste du "justizia ezin dela helburu politikoekin" erabili: "Espainiako Konstituzio Auzitegia bera baino urrutiago joan dira dekretu honen azterketa egin dutenean eta sententzia onartu dutenean".

Euskalgintzaren Kontseiluak ere "oso larritzat" jo du epaia, eta atzera begiratu du errealitatearen berri emateko, Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko udal legearen 6.2 artikulua partzialki baliogabetzeko epaia eman baitzuen uztailean. "Larritasuna zuen hark, eta hau nolabait haren ildokoa da; luzapen bat. Larritasuna areagotzen du". Azaldu duenez, azken sententzia honek "ukatu" egiten du euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak behar direnik edo egingarriak direnik. "Botere judizialetik hizkuntza politika egiten jarraitzen dute, euskararen ofizialtasunaren ondorioak murriztuz eta herritarron eskubideen aurka eginez". "Kezkatuta eta oso arduratuta" daude.

Manifestaziorako deia

Euskalgintzaren Kontseiluak, beraz, azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Haren hitzetan, sententzia honen ondoren, "argudio bat gehiago" dute oldarraldi judiziala salatzeko. Erantzun "sendoa" emateko unea dela nabarmendu dute; herritarrei ez ezik, alderdi politikoei ere mobilizazioarekin bat egiteko eskatu diete. Halaber, "elkartasun osoa" helarazi die epaiak zuzenean kaltetutako udalerriei, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari eta bertako biztanleei.

UEMAren adierazpenak

UEMAk ere adierazpena argitaratu du, eta nabarmendu du euskararen aurkako epai honek ere UEMAren eta udalerri euskaldunen hizkuntza politika duela jomugan. "Epaia oso larria da, hankaz gora jarri nahi baitu euskararen inguruan urte askoan ehundu den adostasuna". Hala, azaroaren 4ko deialdiarekin bat egingo duela azaldu du, uztailean UEMAko kide diren 101 udaletako alkateek eta zinegotziek eginiko agerraldian azaldu bezala, era honetako erabakiek "marra gorri guztiak gainditzen" dituela salatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak