Konstituzionalaren sententziaren kontra agerraldia egin dute UEMAko hautetsiek

Jokin Bereziartua eta Miren Arregi 2023ko uzt. 7a, 14:37

Agerraldi jendetsua egin dute UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko hautetsiek gaur Usurbilen. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko udal legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen dien aukeraren kontra emandako sententzia "kolpe handia" izan dela gogoratu dute eta onartu ezin den "atzerakada" bat eman dezakeela. Euskalgintzaren Kontseiluak ere kezka larriz  hartu du epaia eta Usurbilen agerraldia egin duten alkate eta udal ordezkariei babesa adierazi die.

125 alkate eta hautetsi elkartu dira gaur Usurbilen –Debagoienekoak tartean, Oñatikoa, Antzuolakoa eta Aramaiokoa esaterako–, Konstituzionalak udalei euskara hutsez funtzionatzeko bidea ezeztatu dien sententzia deitoratzeko. Mankomunitateko presidente Iraitz Lazkanok irakurri du agiria eta erantzuna ezinbestekoa dela azpimarratu du. Azaldu dutenez, udal legearen 6.2 artikuluak ez du okerrik: "Arau horrek aukera ematen die udalei erakunde barruko idatzizko dokumentuak erabat euskaraz egiteko, betiere hizkuntza eskubideak urratu gabe", esan dute. Azaldu dute, hizkuntza eskubideak UEMAko udaletan errespetatzen direla gehien eta gogoratu dute artikulu hori udal barruko dokumentuei buruz ari dela eta ez herritarrekiko harremanei buruz.

Ebazpenak onartu ezin den atzerakada bat dakarrela adierazi dute eta atzean "ultraeskuina" dagoela gogoratu dute. Gaineratu dute, Konstituzionalak interpretazio "erabat traketsa" egin duela eta hizkuntza eskubideei buruzko argudio erabat onartezinak erabili dituela.  Eta ondorioak larriak direla, izen ere, "udalei eskumena kendu zaie barne funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko eta gaztelaniaren makuluarekin soilik erabil daiteke euskara".

Gogoratu dute udal legea onartu berritan Espainiako Estatuaren Abokatutzak auzitan jarri zituela hainbat artikulu eta tartean 6.2 artikulua, baina akordio bat egon zela Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren artean legearen interpretazioaren inguruan. Epai honekin, hori ezerezean geratu da.

Kontseiluaren babesa

Gaur Usurbilen agerraldia egin duten alkate eta udal ordezkariei babesa adierazi die Euskalgintzaren Kontseiluak eta sententzia, euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldiaren azken kolpetzat jo du. "Kezka hau ez da berria, azken boladan euskararen normalizazio eta biziberritzea helburu duten neurrien kontrako epaiak bata bestaren atzetik heltzen ari baitira Euskal Autonomia Erkidegoan –joera hori lehenagokoa da Nafarroan–. Azken sententzia honek are argiago utzi du oldarraldi judizial trinko bat ari dela gertatzen euskararen normalizazioaren aldeko hizkuntza-politiken kontra, geroz eta bortitzagoa den oldarraldia.

Euskalgintzaren Kontseiluak gogora ekarri du oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoaren kontrako ebazpena egin zuela joan den maiatzaren 10ean Bilbon beste hainbat eragileren babesarekin eta azaroaren 4rako manifestazio nazionala deitua duela. Beraz, azaroaren 4an, "olatu erreakzionario eta euskarofoboaren aurka" Bilbon kaleak betetzera deitu ditu herritar guztiak.

Astelehenean, uztailak 10, elkarretaratzea

Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloaren eragileek deituta, astelehenean, uztailak 10 elkarretaratzea egingo dute Herriko plazan, 19:30ean. Haiendako ere, "bistan da Konstituzionalaren irakurketa euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen kontrako beste urrats bat baino ez dela. Mariano RAjoy Espainiako gobernuburu zenean, Carlos Urkijo EAEko gobernu ordezkariak irekitako bideari jarraituz, geroz eta ugariagoak eta larriagoak diren neurri politiko eta judizial euskarafoboetan beste bat".

Azaldu dute, horren aurrean komunitate gisa erantzutea dagokigula eta horretarako, astelehenean 19:30etan elkarretaratzea deitu dute plazan. Gainera, azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko dei egin dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak