Euskalduna Jauregitik abiatuko da manifestazioa arratsaldeko bostetan, eta Bilboko udaletxean amaituko da. Euskalgintzako kideek espero dute azken urteetan euskararen alde egin den manifestaziorik jendetsuena izatea, eta, beraz, Bilboko kaleak betetzera deitu dituzte herritarrak, "oldarraldiaren aurrean erantzun bateratua" ematea beharrezkoa dela nabarmendu baitute.
Azaldu dutenez, hainbat dira euskararen normalizazioaren aurkako epaiak, eta ados ez daudela nabarmendu dute. Zenbait kasu izan dituzte gogoan, baina batik bat uztailaren 6koa. Haien arabera, Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak "murriztu" zizkien, EAEko Udal Legeko 6.2. artikulua "partzialki baliogabetuta". "Euskararen normalizazioan aurrerapausoa egiteko tresna sendo bat indargabetu zuen. Baina, horrez gain, adostasun sozial handi baten kontrakoa izan zen epai hori, Udal Legea gehiengo zabalez onartu baitzen Eusko Legebiltzarrean". Are gehiago, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak erantsi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren "gehiengo zabal-zabalak" babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Bada, horregatik egin diete dei euskaltzaileei. "Eta, orokorrean, hizkuntza berdintasunean, justizia sozialean eta bizikidetzan sinesten duten herritar guztiei".
Leloaren xehetasunak
Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat izango da manifestazioak izango duen leloa, eta horren azalpena eman dute. "Euskararekin bat horretan adierazi nahi izan dute oldarraldi eta olatu erreakzionarioen gainetik euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko eta sakontzeko unea dela". Uste dute etorkizuneko erronkei aurre egiteko euskararen aldeko hizkuntza politiketan jauzi bat egiteko garaia dela, eta horretarako euskaltzale guztiak "noranzko bateratuan aritzea ezinbestekoa" dela.
Are gehiago, leloaren bigarren zatiaren inguruko xehetasunak ere eman dituzte: euskaraz bat. "Euskara guztiona dela eta guziontzako izan behar dela. Oldarraldi judizialaren baitako epaietan konstante bat da euskara segregaziorako, bazterketarako tresna dela adierazten dutela. Bereizketa sortzen duela. Guk, ordea, sinesten dugu euskarak gure gizartean oso bestelako trakzio indarra duela". Hain justu, uste dute euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako "ezinbesteko osagaia" dela.
Tokian toki mobilizazioak
Euskaltzaleek agerraldia probestu dute tokian toki mobilizazioak egitera deitzeko, uste baitute euskaltzale guztien indarrak behar direla "oldarraldiari hesia jartzeko eta olatu erreakzionarioari" aurre egiteko. Hortaz, euskalgintzak dei egin die herri eta auzoetan ekimenak antolatzera eta informazioa banatzera. "Azaroaren 4ko Bilboko kaleak betetzeko eta euskararen aldeko olatu berri bat sortzeko, euskalgintza osoaren ekarpenaz gain, laguntzeko prest dauden pertsona eta talde guztien babesa beharko da".
Talde politikoei eta sindikatuei ere mobilizazioan parte hartzeko eskaria egin diete, eta jakinarazi dute eragileek zein norbanakoek manifestazioaren alde atxikimendua emateko aukera izango dutela Kontseiluaren webgunean.