Bailara mailako bigarren erreka auzolana aurkeztu dute, Elorregin

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urr. 5a, 12:29

Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean ekimenaren bigarren edizioa urriaren 21ean, zapatuan, egingo dute, eta eskualdeko herrietan. Auzolanean parte hartzeko izena eman beharko da.

Egingo dutenaren berri eman zuten, atzo, eguaztena, Elorregin egindako prentsa agerraldian. Izan ere, bertan batu ziren zenbait herritako ordezkariak, egingo dutenaren berri emateko eta herritarrak ekintzara animatzeko. [Izena emateko formularioa]

"Bailara moduan antolatzen den ekimena izanda, bailara artikulatzea eta bailara mailakoa izaten jarraitzea zen helburuetako bat. Hori lortu dugu, izan ere, debagoieneko bederatzi herritatik zortzik bat egin dute ekimenarekin, eta, helburua errekara hurbiltzea, errekak ezagutzea eta herritarrekin topo egitea dira", adierazi zuen prentsa agerraldian, Iker Agirrek Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean egitasmoaren izenean hitz egin zuen ordezkariak.

Herri bakoitzak egitarau propioa

Debagoieneko zortzi herri (Leintz Gatzagan urriaren 28an egingo dute, urriaren 22an Gatzaren Eguna izango dutelako) batuko dira auzolanera. "Gainera, aurten ere askotariko eragilek egingo dute bat ekimenarekin, inguratzen gaituzten garrantziaz jakitun izanik errekak ezagutzeak, bizirik mantentzeak eta zaintzeak duen garrantziaz jakitun izanik. Horrekin batera, ekintza bailara mailakoa da, baina, herri bakoitzak bere dinamika, egitarau propioa eta antolatzeko modua ere izango du", gaineratu zuen Iker Agirrek.

Bailarako zenbait herri ordezkari, Elorregiko prentsa agerraldian.

Izen-ematea zabalik

Bailara mailako auzolan erraldoia izan zen 2022ko erreka eguna, 600 lagun inguru batera sartu ziren erreketara eta  bigarren edizioan ere parte hartze handia espero da.  Hala ere izena emateko eskatu dute antolatzaileek.

labur.eus/ErrekaAuzolana helbidearen bidez eman daiteke izena. "Ekintza honetan parte hartzeko eta asegurua izan ahal izateko datu pertsonalak behar ditugu. Bete pertsonako inprimaki bat eta aukeratu zein herritan parte hartu nahi duzun. 14 urtetik azpiko haurrek ez dute asegururik izango, dena den, datuak edo kopurua behinik behin beharko dugu, taldekatzeak egin eta hamaiketarako kontuan hartzeko. Beraz, izena eman".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak