Askotariko helburuak eta askotariko emaitzak

Mireia Bikuña Madrid 2023ko urr. 3a, 14:32

Askotariko helburuak betetze aldera, hainbat senidetze sinatu ziren bailaran XX. mende bukaeran. Baina, bi hamarkada pasa ostean, zeintzuk dira eman dituzten fruituak? Zenbat dira etekina ematen jarraitzen duten senidetzeak? Hasierako helburuen antzera, emaitzak ere askotarikoak izan dira.

Puntua aldizkariaren 381. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Hirien arteko senidetzearen bidez, eremu geografiko eta politiko desberdinetako herriak edo hiriak elkartu egiten dira, giza harremana eta lotura kulturalak sustatzeko. Normalean, baina ez beti, senidetutako hiriek antzeko ezaugarriak izaten dituzte. Halaxe definitzen du Wikipediak zer den senidetze bat. Eta hau gaineratzen du: Senidetzeak bi hiriren arteko lankidetza-prozesu formalizatu gisa ulertzen dira, helburu komun bat bilatzen baitute eta, batez ere, horrek beren herrien onuran eragina izan dezan.

Senidetzea egiten duten herrien onurak mota askotakoak izan daitezke: ekonomikoak, kulturalak, kirol arlokoak, elkartasunezkoak, humanitarioak... XX. mende bukaeran, bereziki 1990eko hamarkadan, asko izan ziren Debagoienean sinatutako senidetzeak. Antzuolan, Arrasaten, Aretxabaletan eta bereziki Oñatin, askotariko senidetzeak sinatu zituzten. Azken hori zen, 2008an, senidetze gehien zituen Gipuzkoako herria: bost senidetze eta hiru adiskidetasun hitzarmen.

Bailarakoak

Antzuola Aiherrarekin anaitu zen 1984an; Aretxabaleta Austriako Maria Wörthekin 1990ean; Oñati Saharako Gleibat El Fularekin 1995ean, Zacatecasekin (Mexiko) 1996an, Frantziako Chateaubernardekin 1999an, Argentinako Jose C. Pazekin 2000n, eta Asisekin eta Guadalajararekin (Mexiko) 2002an; eta Arrasate Argentinako Sunchalesekin 2007an. Bergarako Udalak ere bat egin zuen Saharako Tinduf kanpalekuko daira batekin senidetzeko Eusko Jaurlaritzak egindako proposamenarekin. 2001eko otsailaren 26an, Elkar-anaitzea. Gleibat El Fula-Bergara testua onartu zuen osoko bilkuran.

Gainbehera?

Herrien arteko senidetzeek XX. mendearen amaieran bizi izan zuten booma hoztu egin da geroago. Ia ez da senidetzerik egin. Are gehiago, egin zirenetako askok ez dute ia jarraipenik gaur egun, ekimena bultzatu zuten pertsonek utzi egin dutelako edo komunitatean behar adinako babesik izan ez duelako.

Arrazoi bat edo beste, Debagoienean indartsu mantentzen den senidetzea, osasuntsuen dagoena, alegia, Antzuolak eta Aiherrak egindakoa da. Are gehiago, urriaren 28an, bi herrietako ordezkariak batuko dira Antzuolan.

Jean-Michel Barbier: "Hegoaldea ezagutzeko gosea genuen"


Senidetzea martxan ipini zuten herritar batzuk.

Antzuola eta Aiherraren arteko senidetzearen hasieratik egon da Jean-Michel Barbier. Ondo ezagutzen du orain arte egindakoa.

Zer esan nahi du aihertarrendako Antzuolarekin egindako senidetzeak?

39 urte beteko ditu. Horrek esan gura du bi herrietan badaudela senidetzeak biziraun dezan lan egiten dutenak. Gainera, ondo ezagutzen dugu elkar, eta lagun minak ditugu.

Aberatsa izan da orduan?

Senidetzea 1984an abiatu zen. Franco 1975ean hil zen. Orduko garaiak eta oraingoak ez dute zerikusirik. Guk Hegoaldea ezagutzeko gosea eta gogoa genuen, eta alderantziz. Mugak oso gogorrak ziren orduan. Bereziki muga fisikoak.

Naturalki hasitako senidetzea dela diozu.

Mendian elkar ezagutu zuten lau bikotek hasi zuten bidea: bi aihertarrak eta beste bi antzuolarrak. Hasieran, Aiherrako Udalak ez zuen begi onez ikusten, ez zeuden halako senidetzeak egitera ohituta. Bada, hogei urte geroago egin zen ofizial senidetzea.

Zertan diharduzue orain?

Mugak zubi egitasmoa daukagu eskuartean. Iparraldearen eta Hegoaldearen artean auzolanean garatutako ibilbidea, euskararen ibilbidea, nazio izaeraren seinale, bideak zeharkatzen duen udalerri bakoitza ezagutzeko agertoki berria.

Saharako kanpalekuekin elkartasuna


Mahbes-eko umeak eskolarako motxilekin.

Oñatiko Senidetze Batzordea 1998an eratu zen, baina, aurretik, beste bi senidetze egin zituen Udalak. Haietako bat Saharako Tinduf kanpalekuko Gleibat El Fularekin. Lehen senidetze hura aho batez onartu zen, Eusko Jaurlaritzaren proposamen bati segika: udal bakoitza Tindufeko kanpalekuetako daira batekin senidetzea, alegia. Senidetze horretan oinarrituta, Oñatik hainbat haur saharar hartu zituen Oporrak Bakean proiektuaren baitan, 1998. eta 1999. urteetan.

Lehen laguntza

2016an, Tindufeko Mahbes dairaren aldeko jarduera hasi zuen Hermansoloñak. Eurite handiak egin zituen han, eta arropak, oinetakoak eta beste tresna batzuk bidali zituzten. "Laguntza eskatu genuen, eta esperotakoa baino askoz gehiago jaso genuen. Ni oso eskertuta nago, eta oso harro proiektu honen parte izateaz. Oñatiarrek emandakoarekin hango familiek biziraun egiten dute. Bereziki, umeek eta nagusiek", dio Oñatin bizi den Fatimetu Hammak.

2016an euriak izan ziren moduan, aldika izaten dituzte beste behar batzuk Mahbesen. Hala, laguntza-ildoak aldatuz joan dira, bai arlo ekonomikokoak eta baita material arlokoak ere. "Hermansoloñaren lokala itxi arte, urtero egiten genuen eskolarako materialaren bilketa. Zati bat erosi egiten genuen eta beste zati bat dendatan, estankoetan, ikastetxeetan... jasotzen zen. Kanpaina oso onak izan dira, eta herritarrek eskuzabal erantzun dute".

Hammaren familia guztia Oñatin bizi da, baina ezagutzen du hemengo laguntza jaso duenik. "Proiektuarekin hasi ginenean, ez genuen uste honaino helduko ginenik. Nik egiten ditut bitartekari lanak, eta badakit Oñatitik bidaltzen den guztia leku onera heltzen dela", dio hunkituta.

Hain justu ere, horregatik hasi zen Mahbes dairarekin harremana. Oñatin hango jatorriko hainbat familia daude, eta horrek koordinazio eta logistika ona bermatzen ditu.

Harreman ekonomiko eta sozialak estutzeko


Pedro Mendieta (tximeletarekin) Austrian egindako ekitaldian.

Pedro Mendieta Aretxabaletako alkate zela sortu zen Austriako Maria Wörth herriarekin senidetzeko aukera. "Alkate izateaz gain, Fagorreko langile nintzen, eta Alemanian ordezkaritza bat zabaldu genuen. Hango delegatua Austriako Karintia eskualdekoa zen. Bazkari batean sortu zen senidetzeko ideia", gogoratu du Mendietak. Ikuspegi mistoa eman zioten senidetze hari, kulturala eta ekonomikoa, enpresa txiki eta ertainen bidez merkataritzako harreman tekniko bat sustatzen saiatzeko, eta Austrian eta Gipuzkoan industria-garapen bat sortzeko.

Eusko Jaurlaritza

Udalbatzak ontzat eman zuen, eta Eusko Jaurlaritzak bat egin zuen ekimenarekin. Austriarrak Aretxabaletara etorri zirenean, Jaurlaritzako lehendakariorde Jon Azua eta Gipuzkoako diputatu nagusi Eli Galdos egon ziren ekitaldian.

Indartsu hasi, eta orain geldi dagoena


Oñatin egindako senidetze ekitaldia.

Aurretik Oñati ezagutzen eta Cognac hirian bizi zen Jose Luis Lacour irundarrak sustatu zuen senidetze hori. 1999ko uztailaren 17an gauzatu zen, aurretik hainbat batzar egin ostean. Egun horretan, Oñatin dagoen Senidetzeen plaza inauguratu zen. Azken ekitaldi ofiziala 2009an izan zen, Chateaubernarden antolatutako hamargarren urteurrena zela eta. "Gerora, hemendik ahalegindu gara Oñatirekin harremanetan ipintzen, bereziki 2014an, 15. urteurrenaren harira. Ezin izan da beste ekintzarik aurreikusi. Oñatik beste lehentasun batzuk alegatu zituen", esan dute Chateaubernardeko alkate Pierre Yves Briandek eta hango senidetze batzordeko presidente Patrick Petitek.

Beste harreman batzuk

Norbanakoen arteko harremanak mantendu dituzte. 2017an, Cognaceko DBHko ikasleak Oñatin egon ziren ikasbidaian.

Maria Angeles Oñederra: "Ereindako haziak fruituak eman ditu"


Oñatiko ordezkariak Jose C. Pazen egindako ekitaldian.

Jose C. Paz hiriko Toki Eder euskal etxea 1996an sortu zen, eta 2001aren bukaeran heldu zen Oñatitik bidalitako lehen elkartasun edukiontzia hara. Ordu hartan, Toki Ederreko presidentea zen Oñederra.

Elkartasun uholdea heldu zitzaizuen Oñatitik. Espero zenuten?

Ez. Izugarria izan zen, baina ez bakarrik lehen edukiontzia. 2016ra arte bidalitako guztiak. Senidetze honek zerbait handia esan nahi du. Mota guztietako gabezia duten milaka pertsonak jaso zuten laguntza. Baina, horretatik harago, oso garrantzitsuak dira Oñatiko eta Jose C. Pazeko pertsonen artean sortu ziren loturak. Niretzat esanahi handia du, eman ziguten guztiagatik, baina, batez ere, erein zuten guztiagatik. Fruituak eman ditu.

Gutun bat izan zen senidetze honen abiapuntu.

Jose C. Pazen fundatzaile Jose Vicente Altuberen Oñatiko senide batzuen eskutitza heldu zen Toki Ederrera. Fundatzailearen senide eta koru polifonikoaren zuzendari Nelida Altuberekin egin genuen berba, gutunaren jatorriaren gainekoak ezagutzeko. Horrela hasi zen dena. Oñatiko Udaleko ordezkariak etorri ziren, Anjel Iturbe alkatea buru. Ikusi zituzten gure beharrak, eta senidetze hori proposatu ziguten.

Ikaztegietan bizi zara orain. Oñati oso gertu daukazu.

Egia da. Orain daukat senidetzeak emandako lagunez gozatzeko aukera. Herri solidarioa izateaz gain, Oñati ikusteko eta gozatzeko herri polita da. Bai, joango naiz bisitan.

Kooperatibismoan oinarritutakoa


Javier di Biase eta Maria Ubarretxena.

2007an senidetu ziren Arrasate eta Argentinako Sunchales hiria. Argentina iparraldean dago 20.000 bat biztanleko hiria –gehienak italiarren ondorengoak–, eta Santa Fe probintzian dago. Argentinako kooperatiben sorlekua da, eta, egun, esnekien ekoizpenean eta aseguruetan espezializatutako kooperatiba indartsuak daude. Senidetzea egin eta hamabost urtera, bisita egin zuten Sunchaleseko ordezkariek Arrasatera. Grupo Sancor Seguros Fundazioaren ordezkari Javier di Biase eta Horacio Botta egon ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak